gaizka izagirre
'Ekografiak'

Itxaronaldi hilgarria

2026ko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sawt al-Hind Rajab film palestinarra zineman ikusi nuenean, bertan bizitakoa gutxitan sentitu dut: atzeko eserlekuko gizonaren negar hotsa, alboko andrearen hasperenak, aurreko gaztearen atsekabea... eta filmaren amaieran, erabateko isiltasuna. Gaur bertan iritsiko da Filminera.

Filmak benetako gertaera latz bat kontatzen du. Gazan bizi den izua eta beldurra 6 urteko neskato baten larrialdi deiaren bidez erakusten dira. 2024ko urtarrila da, eta Ilargi Gorriko boluntarioek larrialdi dei bat jasoko dute: Hind Rajab izeneko 6 urteko neska bat auto batean harrapatuta dago erreskatatua izateko erregutzen. Auto barruan, bere familiako sei kide hilik daude; kanpoan, tiroak entzuten dira eta tankez inguratuta dago. Anbulantzia bidaltzeko ahalegin guztiak egiten dituzte, baina burokrazia eta baimen absurdoek erreskate lana ikaragarri luzatuko dute. Gertaera guztia larrialdi zerbitzuko langileen ikuspegitik azaltzen da. Telefonoaren beste aldean entzuten den audioa, neskatoarena, benetakoa da. Telefonoaren alde batean, errealitate fikzionatua; bestean, errealitate gordina.

Espazio hori tentsio ikaragarri baten eszenatoki bihurtzen da: itxaronaldiak, protokoloak, atzerapenak eta beldurra etengabe erretratatzen dira. Ilargi Gorriko langileak aktoreek hezurmamitzen dituzte, eta lan oso sinesgarria egiten dute, erraietakoa. Ez dago erasoaren berreraikitze grafikorik; kamera une oro larrialdien koordinazio gelan mantentzen da, eszenatoki bakar horretan. Itxaronaldiaren benetako iraupenarekin jokatzen da.

Era berean, filmak agerian uzten du protokoloak, arau militarrak, distantziak eta baimenak armak bezain oztopo hilgarriak bihur daitezkeela.

Baliteke ikuspuntu zinematografikotik aztertuz gero filma perfektua ez izatea, eta baliteke, halaber, eztabaida piztea. Baina Sawt al-Hind Rajab filmak azaltzen duena hain da mingarria, eta hain beharrezkoa, ezen, egiazki, nahiko zentzugabea den alderdi formal hutsetan gelditzea.

Kaouther Ben Hania zuzendariak eta aktore talde bikainak mundu osoaren inpotentzia pantailaratu dute, eta oraindik zerbait egiteko garaiz daudenak irmoki interpelatzen dituzte.

Zoritxarrez, Hind Rajab asko daude oraindik; bizitzeko eta amets egiteko eskubidea duen Palestinako herriaren ahots lazgarria da harena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA