Zer ezkutatzen da orkestra sinfoniko baten atzean? Entseguen, txalo zaparraden eta itxurazko harmoniaren azpian, inbidiak, botere borrokak eta ego handiak ere badaude. Filminen ikusgai dagoen Orkestret telesail daniarrak errealitate bitxi hori freskotasunez erakusten du. Kopenhageko Orkestra Sinfonikoaren barrunbeetan girotuta dago, eta umore beltzaren bidez erretratatzen ditu musika munduaren atzean ezkutatzen diren jokoak eta tentsioak.
Istorioaren erdigunean Jeppe (Rasmus Bruun) dago, gatazkak saihestu nahi dituen zuzendari laguntzaile berria; eta Bo (Frederik Cilius Jørgensen), klarinete jotzaile petral eta bakartia. Haren obsesio bakarra orkestrako lehen klarinete jotzailearen postua eskuratzea da, eta helburu horrek gero eta egoera absurdoagoetara eramango du. Hasieran elkar gorrotatzen duten arren, biek bat egitea erabakiko dute Simon lehen klarinete jotzailearen (Caspar Phillipson) ibilbidea zapuzteko.
Egoerak dibertigarriak dira, eta maiz deserosoak ere bai; ikusleari lotsa eragiten dioten horietakoak. Baina benetako indargunea pertsonaietan dago. Bereziki Bo da, niretzat, hoberena – klarinete jotzaile birtuosoa—, bere lekuan nola egon ez dakien izaki tragikoa. Ez daki naturaltasunez moldatzen, ezta ingurukoen estimua irabazten ere. Galdu samar dauden pertsona horietakoa da, ikuslearen enpatia berehala pizten duena. Jeppek, berriz, kontrako bidea egiten du. Nahi gabe ere lotsa eragiten duen pertsona bat da, The Office telesaileko Michael Scott gogorarazten duena.
Horrez gain, telesailak oso ongi erakusten ditu orkestra sinfonikoen barruko lehia, harreman toxikoak eta hipokrisiak. 25 minutuko atal arinetan, askorentzat ezezaguna den mundu batera eramaten gaitu. Botere harremanak, jazarpena, medikamentuen gehiegizko erabilera eta beste hainbat gai jorratzen ditu, betiere umore zorrotzari uko egin gabe.
Aipagarria da, halaber, musika klasikoa ikuslearengana hurbiltzeko duen gaitasuna. Memorian gordeta ditugun piezak berreskuratzen ditu, eta, aldi berean, genero horren balioa eta indar emozionala azpimarratzea lortzen du. Ez da harritzekoa, beraz, telesailak izan duen harrera ona ikusita, bigarren denboraldia hilabete honetan estreinatu izana.
Borgen telesailaren sortzailearen sinadura daraman tragikomedia honek musikaren munduaren alderdirik ilunena eta komikoena erakusten du, crescendoz, allegroz eta, batez ere, vibratoz betetako kontakizun batean.Â