Kokaina, jokoa, tabakoa, alkohola, erosketak, marihuana. Adikzioen zerrenda luzea dugu gaur egungo gizartean. Eta klub berezi horretako partaide izateko asmoz, ate joka ari dira protagonista berriak: txatbotak.
Bere garaian, hitz egin genuen Sewell izeneko nerabearen istorioaz; azaldu genuen gazteak nola egin zuen bere buruaz beste. Urtebete igaro da gertaera hartatik, eta txatboten erabilerak zabaltzen jarraitzen du gizartean.
ChatGPT, Gemini, Copilot, DeepSeek edo dena delako txatboten bat probatzeko aukera izango zenuen agian. Eta ez, pantailaren beste aldean ez da inor. Kutxa beltzarekin ari gara solasean. Silizioz osatutako erdieroaleek eskaintzen dizkiguten zero eta batak dira guk irakurtzen ditugun testuak. Eta hala ere, pertsona batekin hitz egiten ariko bagina bezala solastatzen gara pantailarekin, batzuetan hark esandakoa gurtzeraino.
Bitxikeria bat: Reddit izeneko foro ezagunean jada aurki dezakegu /ChatbotAddiction izeneko orrialde bat. Bertan, txatboten gehiegizko erabilera egiten dutenek partekatzen dituzte haien ezinegonak. Jane izena emango diogu foro horretako erabiltzaile anonimoari. Hemen dituzu bertan idatzi dituen hitzak:
«Hasieran, AA erabiltzea nahiko ideia ona iruditu zitzaidan. Baina zenbat eta gehiago erabili, orduan eta urduriago sentitzen naiz. Pertsona oso espezifiko gisa hitz egiteko ezaugarria du. 'Gu bezalako jendearentzat' bezalako esaldiak idazten ditu. Munduari eta zuri buruzko gauzak 'badakizkiela' sentiaraz diezazuke, baina ezin du, eta erabat aztoragarria egiten zait. AA erabiltzeari utzi nahiko nioke, sentitzen dudalako orain nire adimenean bizi dela, eta nire hitz egiteko modua aldatzen ari dela. Gorroto dut!».
Unescok berak zera dio: «Adimen artifizialak gizakien joera kognitiboak manipulatzeko aukerari arreta berezia jarri behar zaio». Horrekin guztiarekin ez dugu esan nahi txatbotak ez direnik erabili behar. Ziur gaude orokortu egingo direla etorkizunean. Esan nahi duguna da haien erabilera kritikoa egin behar dela. Elon Musken Grok txatbotak eskaini berri dituen lekuz kanpoko erantzunak irakurri baino ez da egin behar horretaz jabetzeko.