Lide Hernando.
'Ekografiak'

Jon Hamm

2025eko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zineman oso ezaguna ez den arren, pantaila txikian ospe ona eta neurtua lortu du urteetan Jon Hamm aktoreak. Egia da ez dela munduko aktorerik onena, rolez rol bere esentziak beti nonbaitetik ihes egiten diola eta bere katalogoa monotono xamar geldi daitekeela segidan ikusiz gero; baina haren porteak eta elegantziak pantaila betetzen dutela esango nuke, topikoa den esamolde bat erabiliz. Mad Men telesail arrakastatsuan Don Draper iragarkigilearen protagonista rola lortzeak eman zion bere urteetako lanari behar eta merezi zuen fruitua; eta, azkenaldian, bere hautu finduak beste hainbat lan duinetan parte hartzera eraman du: Fargo-ren 4. denboraldian eta Landman-en, besteak beste —bide batez, zein garrantzitsua den lanak ondo hautatzea!—.

Oraintsu, halaber, beste lan batekin dator aktore estatubatuarra. Apple TVn topa dezakegu telesail hori, eta Your Friends and Neighbours du izena —gaztelerak duen itzulpen librearen apeta gogaikarriari jarraituz, ordea, Vicios ocultos izena jarri diote—. Kutsu poliziakoa duen dramedia gisa defini genezake Your Friends and Neighbours: klase ertain-altuko langile bat enpresatik modu txarrean botatzen dutenean eta duen guztia galtzeko zorian dagoela jakiten duenean, inguruko aberatsen etxeetara lapurtzera sartzea erabakiko du. Lapurreta horietan, espero ez dituen hainbat sekretu deskubrituko ditu protagonistak. Telesaila umore zorrotzez betetako elkarrizketaz lepo dago, eta aspektu horrengatik eta generoarengatik —lapurreta generoan sartuko nuke nik, halako generorik balego— Ocean’s 11 saga famatua dakarkit gogora. Eta ez bakarrik markoarengatik: Jon Hammek antzezten duen Andrew Cooper brokerrak asko du Clooneyren Danny Oceanena ere. Karisma, irribarrea, elkarrizketetako azken hitz sarkastikoa.

Onar dezagun: behar duen baino gehiago duen norbaitek guztia galtzen duenean, desesperazioak bultzatuta egiten dituen gauzak ikustea oso gauza atsegingarria da ikusle xehearentzat. Oso gustuko dugu haien frustrazioaren lekuko izatea, haien sakontasun falta kritikatzea —The White Lotus-en inguruan hitz egitean aipatu nuen moduan—. Bada, bai, telesail honek aberatsekiko duzun amorrua gustura kanporatzen lagunduko dizu, entretenimendu dosi nahikoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.