Oso jakina da Euskal Herrian mendia maite dugula —eta eskerrak, besterik ez dugu eta inguruan!—. Mendizaletasun horretatik abiatuta, halaber, azken urteotan gure artean txertatu den beste kultura batek hainbesteko indarra hartu du, ezen telebista saio bat ere egin baitiote: kanperismoaz ari naiz, edo, euskara jatorrean azalduta, lo egiteko eta, oro har, bizitzarako ekipatutako furgonetekin bidaiatzeko zaletasunaz. Aipatu saioak Hamaika telebistan du egoitza eta Hamaikanper du izena; funtsean, furgoneta kanperizatu finena nork duen erakutsiko duen lehiaketa.
Furgoneta zahar bat erosi eta nork bere eskuekin kanperizatzearen hobby erromantikoak baditu urteak; baina gogoan dut, bereziki, COVID-19ak eragindako 2020ko itxialdi hartatik ateratzen ari ginenean sumatu nuela tendentzia hori indartsuen. Bai, denok egin genituen erokeriak garai hartan; gurean, adibidez, itxialdian leihotik egunero ikusten genuen Pasaiako badiaren distirak piragua batzuk erostera eraman gintuen —uda horretan soilik erabili genituenak, bide batez, jakingura bazineten—. Gurean piraguak zirenak nire inguruko gehienen kasuan koltxonetak eta txapakumeak ziren; zer eta, euren eskuekin, erosi berri zuten Berlingoan lotarako espazio bat atontzeko.
Zaletasun horri ikus-entzunezko irtenbidea eman nahi izan diote Hamaika Telebistan. Simon Montxu aurkezleak gidatutako saioan, Nafarroan zehar atal ezberdinak grabatu dituzte, bertan topatutako furgoneta kanperizatuen jabeekin euren garraioak gertutik ezagutu eta, ostera, balorazio bat egiteko. Atal bakoitzean bi furgoneta —eta jabeak— ezagutuko ditu ikusleak; euren furgoneten xehetasun guztiak azalduko dituzte eta, ostean, bakoitzak bestearen furgonetari puntuazio bat emango diote, atalaren amaierara arte ezkutuan mantenduko dutena. Atalaren azkenengo zatian erronka batzuk gainditu beharko dituzte, hala nola bi minutuan gaualdirako kanpamentu perfektua sortzea, kanpamentu horri argazkirik onena ateratzea, edota galdetegi bat erantzutea. Atal bakoitzaren bukaeran, erronketako puntuazioak eta batak besteari jarritakoak kontuan hartuta, bietako bat garaile irtengo da.
Gisa honetako furgonetaren bat atontzeko ideiarekin bueltaka bazabiltzate, saio interesgarria da Hamaikarena ideiak hartzeko.