Iaz biziki gomendatu nuen Devil in Disguise: John Wayne Gacy telesaila. Bertan, Michael Chernus aktorea John Wayne Gacy protagonista ilunaren azalean sartu zen. Severance telesail zoragarrian deskubritu nuen arren, aktorearen filmografia sakonago ezagutzeko gogoz, Köln 75 film alemaniarrarekin egin dut topo. 2025ean zinema aretoetan estreinatu ostean, plataformetan (Movistar Plus) dago ikusgai.
Kasu honetan, Michael Chernusek bigarren mailako pertsonaia bat interpretatzen du. Film interesgarri, atsegin eta maitagarri horrek Vera Brandesen istorioa kontatzen du: 1970eko hamarkadako Alemaniako musika-eszenan garrantzitsua izan zen, eta Keith Jarretten The Köln Concert ezaguna posible egin zuen. Gaur egun, emanaldi hori jasotzen duen album bikoitza inoizko jazz-disko salduenetako bat da.
Ido Fluk zuzendariak ikuspegi soila baina argigarria erabili du, eta Jarretten arrakastan Brandesek izan zuen funtsezko rola nabarmendu du. Egia da zenbait unetan telefilm usaina dariola, baina ez du trabarik egiten.
Istorioa bi zatitan banatutako egitura narratibo baten gainean eraikita dago: alde batetik, Brandesek kontzertua antolatzeko egiten duen ahalegina erakusten da
—ondoen funtzionatzen duen zatia—; bestetik, Keith Jarretten neke fisiko eta emozionalean murgiltzen da.
Dualtasun horrek indar handiko uneak sortzen ditu, baina Jarrettengan zentratutako segmentuak lauagoak eta aurreikusgarriagoak dira; istorio hori ahulagoa da.
Mala Emde Vera Brandesen azalean sartzen da, eta gaztetasunaren, bizitasunaren eta nolabaiteko xalotasunaren arteko nahasketa polita sortu du. Bere lana da, dudarik gabe, filmaren motor emozionala.
Filmaren bigarren motorra girotze-lana da. Flukek maitasunez birsortzen du 70eko hamarkadako Alemania, eta muntaketak zein argazkigintzak garai hartako Europako jazz-eszenaren energia harrapatzea lortzen dute, urte haietako zinemari dagokion ehundura berezi baten lurrina dario. Soinu-bandak, jakina, berebiziko eginkizuna betetzen du.
Köln 75, funtsean, kaosetik jaiotako sorkuntza artistikoari eskainitako omenaldi bat da: burutugabea den zerbaitek zerbait berezia sor dezakeela adierazten duen ospakizuna. Jarretten erretratua alde batera utzita, benetan distira egiten duena Brandesen irudia da —askotan ahaztua egon dena—.
Â