gaizka izagirre
'Ekografiak'

Karmele

2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apurka-apurka, iazko euskal ekoizpen esanguratsuenak streaming plataformetara iristen ari dira, eta oraingoan Karmele filmaren txanda iritsi da. Asier Altunak zuzendutako lana jada ikusgai dago Primeran plataforman; gure historiaren pasarte mingarri batera begirada pausatua eta samurra proposatzen du.

Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren historia gogorra da, eta Karmele filma bera ere bide horretan murgiltzen da. Euskaldunak izatearen kontzientziak ekarri zien sufrimendua da haien bizipenetan nagusi, eta horixe da, aldi berean, pelikularen muina. Neurri batean, euskaldunon oroimen kolektiboaren berreskurapen ariketa bilakatzen da Asier Altunaren pelikula.

1936ko gerraren testuinguruan, Karmele Urresti (Jone Laspiur) erizain gaztearen familiak Ondarroatik Frantziara alde egin zuen itsasontzian. Parisen, erbestean bizi ziren beste euskal gazte batzuk ezagutu zituen; horien artean, Txomin Letamendi (Eneko Sagardoi), jazz musikaria eta militantea. Bigarren Mundu Gerra lehertuta, Venezuelara egin zuten ihes nazien mehatxutik aldentzeko, eta urte batzuk geroago Euskal Herrira itzuli ziren, hiru seme-alabekin.

Laspiur eta Sagardoiren lanak, baita gainerako aktoreenak ere, filmaren zutaberik sendoena osatzen dute. Guztiek egiten dute lan biribila, neurrizkoa eta sinesgarria, gehiegikeriarik gabea.

Alderdi teknikoan ere bada zer goraipatu: arte zuzendaritza, dekoratuen xehetasuna, jantziak, argazkia eta soinu banda. Nabaria da garai eta giro jakin bat berreraikitzeko egindako ahalegin nekaezina, eta horrek dotorezia berezia ematen dio filmari. Hala ere, zenbait gorabehera ere antzematen dira; une jakin batzuetan, agertoki eta kokalekuek artifizialtasun kutsua hartzen dute, sinesgarritasuna lausotuz. Euskal Herritik kanpoko eszenetan nabarmenagoa da hutsune hori.

Filmak denbora tarte zabal eta askotarikoa hartzen du bere baitan, eta hori irudikatzeko eszenatoki anitz baliatzen ditu. Denboraren jauziak eta testuinguru historikoak ongi txertatuta dauden arren, tarteka narrazioa gehiegi zatitzen da, eta pasarte batzuek sakontasun handiagoa eskatzen dute.

Ez da guztiz biribila, baina film polita, zintzoa eta biziki gomendagarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA