gaizka izagirre
ETB

Zirrararen bidezidorretan

2024ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Nire barneko umea esnatzen duen ikuskizun magikoa. Pasioz eta sentimenduz eraikia eta bihotzetik sortua den proiektua. Hiruzpalau aldiz izan naiz Gure Zirkua zuzenean ikusten eta karpa hori atzean uzten dudan aldiro, aurpegian irribarre erraldoi bat dudala irteten naiz bertatik.

Bada ETB1ek zirku horren atzean dagoena erakustea erabaki du, eta lau ataleko saioa estreinatu du: Gure Zirkua heldu da. Kontakizunaren giltzarria Sua Enparantza da, Irabazi arte telesaileko aktorea eta Kukai dantza taldeko kidea.Saio horretan euren karabanetako ateak zabaldu dituzte, eta lanbide bat baino gehiago bizitzeko modu bat dela erakutsiko digute. Orio Produkzioak-ek sortutako docureality-a oso polita eta zaindua iruditu zait. Zirku horren B aldea erakustea ez zen lan makala, baina Irati Sarasuaren zuzendaritza lana, Aitzol Barandiaranen gidoia eta alderdi teknikoa, oro har, primeran uztartu dira emozioen zurrunbilo hau ikusleei helarazteko. Iker Galartzak, Joseba Usabiagak eta konpainiak beren lanean jartzen duten mimo horren parekoa iruditu zait dokumental sortari eskaini zaion maitasuna eta dedikazioa. Susmoa dut grabaketa lana patxadaz egin dela. Ez dela izan bertara joan, bi orduan guztia grabatu eta etxera. Uste dut edukiak eskatzen zuen denbora hartzeaz gain, protagonistekin denbora pasatu dela eta ingurunea aztertu dela. Hori da, behintzat, niri pantailaren bidez iristen zaidana. Narrazioaren hariak lotzen dituen pertsona zirkura iritsi berri den gazte bat izatea —Sua Enparantza— ideia polita iruditu zait. Publikoaren begiak dira Suarenak, pantailaren bestaldean gaudenon ordezkari, karpa honen barrunbeak ezagutzeak sortzen duen lehen zirrara horren lekuko bilakatzen gara. Atalen egituraketa ezin aproposagoa iruditu zait, baita protagonista bakoitzari ematen zaion tartea ere. Alor teknikoa ez nuke bazterrean utzi nahi, izan ere edukia opari-paper eder batekin bildu baitute. Kokalekuetan murgiltzeko drone bidezko irudiak, pertsonaiei atzetik jarraitzen dien kameraren mugimendu zainduak, lantaldearen errutinan barneratzen gaituzten elkarrizketak… Dokumental horri esker, Gure Zirkukoak emanaldi bakoitzean nire barnean pizten duen argiak distiratsu jarraitzen du oraindik.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.