Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Karrikatik bertatik

2026ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasleei askotan esaten diedan moduan, tokian tokiko hedabideak orokorrean, eta irratiak bereziki, kazetaritzako eskolarik onenak dira. Horietan, albisteak ez dira beti ordenagailuko pantailetara heltzen, ezta prentsaurrekoen deialdietan edota komunikazio bulego batek bidalitako oharraren bidez ere. Kazetariak kalean ibilita topatzen ditu auzo elkarteak horman itsatsitako iragarkia, apurtutako trafiko seinalearen aztarna, negozio zabaldu berria… Bizitza, azken finean, idazgelatik kanpo dagoena. Gertuko kronikariak kalera atera behar du albistearen protagonista bila, hurbileko aritu edo aditua zenbaitetan, anonimotasun lasaian bizi den auzokoa askotan, mikro aurrean hitz egin dezan konbentzitu behar dena, eta, berak uste ez badu ere, esateko asko duena. 

Hain zuzen hori da Irulegiko Irratiko Hostokada saioaren xarma. Istorio interesgarriak azaltzen dituzten herritarren ahotsetan hurbiltzen dizkigute oso ezagunak ez diren lanbideak (kafea txigortzea, zuhaitzak kimatzea, makilak egitea), inguruko pertsona ospetsuen soslaiak eta ondoko auzotarrek egiten dituzten gauza aipagarriak, leku xarmagarriak ere erakusten dizkigute, belarriekin ikus ditzagun. Ainize Madariaga, mikroa eskuan, haiengana hurbiltzen da, eta hogei minutuko solasaldi batean gugana ekartzen ditu. Podcast moduan eskaintzen dute, eta,  azkena martxoan argitaratu bazuten ere, hurrengoaren zain geratzen naiz. 

Irulegiko Irratitik bertatik, baina karrikatik izan beharrean nekazaritza ingurunetik heltzen da Euskal Irratietara (egun eta ordu ezberdinetan zuzenekoak, baita nahieran ere) Aitzur eta jorra saioa. Ez dira geratzen laborantzari buruzko saio asko euskal irratietan, hasierako euskarazko programazioak lurrari pega-pega jaio baziren ere, eta hauxe da horietako bat. Baserrian interesa dutenentzako zerbitzu informazioa eskaintzeaz gainera, nekazarien lan aldarrikapenak, administrazioekiko gatazkak eta erabaki politikoek haien jardunean duten eragina azaltzen dute lehenengo pertsonan. 

Ez bata ez bestea ez dira ausaz nire entzun-zerrendan ageri; beraien bila joan naiz ni. Bi saio horiek badute, Bilbo Handia deituriko honetatik igandero idatzi ohi duen honentzat behintzat, beste xarma bat: entzundako euskalki eta doinuerak. Bertatik bertakoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA