Gizontxo batek kamerara begiratzen du. Belarrietatik tiraka duen musukoak —a zer garai urrun eta hurbila aldi berean— aire inuzentea ematen dio, nolabaiteko errukia sentiarazten dizu, nahiz ez dakizun azaltzen zergatik den. Esan behar duena esan aurretik hainbat alditan trabatzen delako izan liteke, akaso: «Kaixo, Lluis Gros dut izena, eta hau nire historia da».
Gizajo itxura horrek alde ilun bat ezkutatzen du. Tamalez, oso ohikoa da halako kasuetako protagonistak mozorro inuzente baten azpian ezkutatzea; ez da lehena, eta ez da azkena izango. Gizontxo hau da Carles Tamayok zuzendu duen Cómo cazar a un monstruo dokuserieko protagonista. Lluis Gros munstro bat da, munstro pederasta bat, eta lan hau, dokumentalgintzak estatu espainiarrean eman duen perlarik bikainenetako bat.
Jar gaitezen testuinguruan: Carles Tamayo youtuber kataluniarrak bere herriko zinema areto bateko jabe ohiaren mezu bat jaso du. Gizon horrek 23 urteko kartzela zigorra betetzeko agindua du hainbat pederastia kasurengatik, baina justiziari ihes egin nahi dio. Bere ustetan, egotzi dizkioten kargu guztiak gezur hutsa besterik ez dira, eta bere errugabetasuna frogatu nahian, Tamayori bere bertsioa kontatuko duen dokumental bat egiteko eskaera egiten dio.
Amazon Primen topa daitekeen hiru ataleko dokumental honetan true crime-ak behar dituen elementu narratiboentzako hain ondo gelditzen diren gertakari batzuk daude filmatuta, ezen gauza batzuek egoerarako artifizialki prestatuta daudela baitirudi. Ez dakit hala izan den ala ez, baina pentsatu nahiko nuke batzuetan kasualitate perfektuak existitzen direla, eta zorioneko kasualitate horiek guztiek Tamayoren lanean elkartzea erabaki dutela. Youtuber eta kazetari honen lana ere oso ausarta da, gizon honekin hara eta hona baitabil, bere karguen inguruko galdera ezerosoak eginez, eta oso larriak diruditen hainbat egoeraren aurrean jarrera hotz eta profesionala mantenduz. Azken kapitulua ere magia hutsa da: gezurra dirudi porrotera kondenatuta dirudien halako plan batek horren momentu zinematografiko bikainak ematea.
Gero eta zailagoa suertatzen ari zait spoilerrik gabe idazten jarraitzea, beraz, uste dut hemen utziko dudala gaurkoz. Mesedez, ikus ezazue basakeria hau: ez zaizue damutuko.