gaizka izagirre
'Ekografiak'

Katigatuta

2026ko otsailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenaldian gehien harrapatu nauen telesaila, zalantzarik gabe, The Pitt da. Lehen denboraldiaren ildotik, bigarrenean ere tentsioa, urduritasuna eta larritasuna ez dira falta.

Lehen denboraldian bezala, bigarrenean ere egitura zorrotz eta ausartari eusten dio telesailak: hamabost atal, lanegun bakar baten barruan. Larrialdietako taldearen txanda osatzen duten hamabost orduak ia denbora errealean erakusten dira. Hamabost ordu, hamabost atal; arnasa hartu gabe igarotzen den eguna.

Bigarren denboraldiaren abiapuntua, gainera, karga emozional handikoa da: Michaelek urte sabatikoa hartzea erabakiko du, eta ikusleak bere azken laneguna biziko du harekin batera. Hortik aurrera, aurreko denboraldiko eskemari jarraiki, pazienteak, kasuak eta muturreko egoerak bata bestearen atzetik etorriko dira, larrialdien erritmo basatian, atsedenik gabe.

Eskema horrek tentsioa, urduritasuna eta larritasuna areagotzen ditu, bai pertsonaiengan, bai ikuslearengan. Telesailak ez du arnasa hartzeko aukerarik ematen: erritmoa etengabea da, bizia, ia itogarria, frenetikoa. Generoa ez du berrasmatzen, baina atal bakoitza esperientzia xurgatzaile bat da, ikuslea bere sarean harrapatu eta askatzen ez duena.

Aktoreen lana da zutaberik sendoena. Noah Wyle urteek eta guardiek higatutako mediku baten azalean sartzen da sinesgarritasun handiz. Bere interpretazioaren bidez, telesailak laneko neke kronikoa, erruaren pisua eta deshumanizazioaren prozesu isila aztertzen ditu, sistemak pertsonak nola irensten dituen erakutsiz, zaratarik gabe, baina etengabe.

Gainerako aktoreen lana ere aparta da: ospitaleko belaunaldi, kultura eta hierarkia desberdinen mosaikoa osatzen dute, eta horren bidez lan-prekarizazioa, baliabide eskasia eta eguneroko dilema etikoak agerian jartzen dira. Pertsonaia bakoitza sistema handiago baten piezatxo bat da, eta pieza horiek elkarrekin talka egiten dutenean sortzen da tentsioa, egia eta mina.

Ohiko medikuntza-telesailetan ez bezala, hemen pertsonaiak ez dira heroi idealizatuak; aitzitik, profesional nekatuak dira, baina lanean jarraitzen dutenak. Drama pertsonaletatik harago, The Pitt AEBetako osasun-sistemaren aurkako salaketa zuzena da.

Telesail zorrotz eta bikaina da, garunean iltzatuta geratzen den horietakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA