urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Katuarena

2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aste honetan iritsi da Filmin plataformara Won Kar-Wai Hong Kongeko zinemagilearen Blossoms Shangai telesaila. Lehen atalak, bederen —neguan, gehiago—. Zinemagile horren ibilbidea ez da txantxetakoa, ez. Baina baldin badago haren film bat behin eta berriz itzultzea merezi duena In the Mood for Love da (2000). Ikusleak eta kritikak liluratu zituen duela 25 urte. Laurent Jullier irakasle eta zinemaren teorialariaren Qu'est-ce qu'un bon film? (Zer da pelikula on bat?) liburuan jasota daude, adibidez, bere garaian Frantziako aldizkarietako kritikariek eskaini zizkioten laudorioak. Erromantikoa bezain poetikoa eta ederra da.

Hain zuzen ere, liburu horretan —gaztelaniazko itzulpena eskura dago Donostiako Tabakalerako Medialaben—, Jullierrek sei irizpide ezartzen ditu film baten inguruko epaia edo gustua plazaratzeko: arrakasta, teknika, aberasgarria izatea, emozioa, originaltasuna eta koherentzia.

Zer pelikulak bete ditu irizpide horiek hobekien denboraldi honetan?

Gints Zilbalodis Letoniako zinemagilearen Flow animaziozko filmak, bai. Beste zinema zale batzuentzat beste erantzun batzuk egongo dira, noski. Baina Flow-k lortu du arrakasta. Zentzu askotan da aberasgarria, teknika txukuna du, emozioa adinako zirrara eragiten du, originala da, eta koherentzian ez du aparteko arazorik.

Arrakasta bada, dudarik gabe, Letoniako zinta batek animaziozko filmik onenaren Oscar saria irabaztea, Inside Out 2, Memoir of a Snail, Wallace & Gromit: Vengeance Most Fowl eta The Wild Robot lanak garaituz. Eta zinema aretoetan ere, ziurtzat jo daiteke ekoizleek espero zuten baino hobeto joan dela. Herrialde askotan ari da oso ondo funtzionatzen, datuek diotenaren arabera.

Filma: 'Flow'. Zuzendaria: Gints Zilbalodis.
'Flow' animaziozko filma. Zuzendaria Gints Zilbalodis da. FILMIN

Zilbalodisek Annecyko zinema jaialdian sari nagusia lortu zuen 2019an, Away lehen filmarekin. Eta aurretik eginak zituen beste zazpi film labur ere, baina Flow izan da gailurrera eraman duena.

Hitzik gabe

Munduak hondamendi moduko bat jasan du, eta uraren maila gero eta gehiago igotzen ari da. Testuinguru horretan, ahal duen bezala bizirauten duen katu beltz txiki bat ageri da. Hura da istorioko protagonista, baita bidean topatuko dituen beste animalia batzuk ere; gizakiak desagertu egin dira. Eta ez da hitzik entzuten. Animaliak ez ditu pertsonifikatzen egileak. Ez ditu hizketan jartzen, alegia. Baina zein gozo murgiltzen den ikuslea istorioan hitzen beharrik gabe. Hori da Flow.

Gaizka Izagirreri ere gustatu zitzaion filma, BERRIAren Ekografiak tartean kontatu zuenez: «Bakardadeari, bizikidetzari eta erresilientziari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu».

Zinemak irudiekin eta kontakizunarekin duen indarrak xarmanki kateatzen du ikuslea Flow filmean. Gainera, klima larrialdiaren gaiari heltzen dio modu originalean. Izan ere, natur hondamendiei buruz fikzioa egiten denean, bizirik gelditu diren gizakiak izan ohi dira protagonista. Baina Zilbalodisek animalia batzuk jartzen ditu egoera horretan. Istorioak modu paregabean funtzionatzen du, eta erritmoak ez du behera egiten behin ere. Aldi berean, ez du erabiltzen animazio modernoaren lan arrakastatsu batzuen erritmo hiperfrenetikoa. Beharrik ere ez.

Filma: 'Flow'. Zuzendaria: Gints Zilbalodis.
'Flow' animaziozko filma.

Animazio guztia eskuz eginda dago. Eta itxaropenerako lezioa utzi du pelikulak: irudimenarekin lor daiteke nazioartean arrakasta handia izatea, estudio erraldoi baten babesa izan gabe.

Ikasturte honetan estreinatu dira pelikula nabarmen batzuk. Julierren liburuko irizpideak beteko lituzketen filmak izan dira, noski: Brady Corbeten The Brutalist, Coralie Fargeaten The Substance eta Payal Kapadiaren All We Imagine as Light aipa daitezke, beste zeluloide lan on askoren artean. Baina denboraldi honetako filmen bat ikusleria osoari gomendatzeko galdera jasoz gero, erantzun zuzen eta egokia litzateke Flow. Katuarena, hori bai pelikula!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.