gaizka izagirre
'Ekografiak'

Kayara

2026ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zinema Euskaraz programari esker, euskarara bikoiztutako beste titulu bat heldu zen iaz zinema aretoetara, eta plataformetan ere ikusgai dago jada: Kayara. Inka gerraria, Perun egindako filma.

Zein garrantzitsua den umeentzako animaziozko filmetan emakume boteretsuak, eta ez otzanak, protagonista gisa jartzea. «Gizon batek salbatu behar dituen printzesen» mezutik urrun, Moana, Elsa, Merida, Mulan, Raya eta halako pertsonaiak erreferente bihurtu dira. Euskaraz bikoiztuta estreinatu den Kayara. Inka gerraria proposamenak ere halako emakumezko pertsonaia bat du protagonista: Kayara.

«Chasqui» kitxua hizkuntzatik eratorritako hitza da, eta posta eramaile edo errelebolari esan nahi du. Korrikalari gazte horiek Inkaren mezulari pertsonalak izaten ziren, eta Inperioaren bide sarean zehar bizkor mugitzen ziren mezuak edo era guztietako artikuluak entregatzeko. Gizonezkoek soilik egin zezaketen lana zen; emakumeak baztertuta zeuden. Gure protagonista, Kayara, neska gaztea da, eta haren ametsa Chasqui mezulari bihurtzea da. Genero arau zorrotzen eta gizarteko tradizioen aurka borrokatuko da, eta, horretarako, hainbat oztopori aurre egin beharko die.

Filma teknikoki nahiko eskasa da, eta gidoia, oso erraz aurreikusten diren horietakoa. Pertsonaien mugimenduak eta akzio eszenak nahiko ortopedikoak edo robotikoak dira, eta nekez aurrera egiten duten eszenak nagusitzen dira film osoan. Muntaketa lana eta erabiltzen diren trantsizioak ere nahiko zakarrak dira. Alderdirik boteretsuena, nire ustez, Toni M. Mir konpositorearen soinu banda da.

Haurrentzako film bat dela kontuan hartuta, eta animazioaren munduan emakumezko erreferente gehiago exijitu behar ditugun garaiotan, filmak igortzen duen mezua bereziki azpimarratu behar da. Sortzaileek mezua modu nahiko trakets eta arruntean helarazten duten arren, emakumeen ahalduntzeari buruzko mezu indartsua transmititzen du filmak, eta genero arauak desafiatzen dituen pertsonaia bat du protagonista.

Pozgarria da umeentzako euskarazko proposamen berri bat iritsi izana, baina zutabe honetan askotan —gehiegitan— esan dudan bezala, galdera bera egin beharra dago: 2026tik aurrera nazioarteko gainerako haurrek ikusten dituzten lehen mailako izenburuak ere euskaratuko al dira?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.