Euskal Telebistak eskaini zuen Korrikaren amaiera ekitaldia, Hamaika telebistarekin, Kanalduderekin eta Tokikomek biltzen dituen telebista kateekin batera. Martxoaren 29an ikusi genuen lekukoa Bilbora heltzen. Zuzenean makina bat pertsonak bizi izan zuten unea Areatzan. Eta audientzia datuei erreparatuta, hiribildura gerturatu ezinik baina ilusioz ikusi genuen beste hainbatek telebista pantailaren beste aldetik.
Euskararen aldeko borrokan eta normalizazioa lortzeko bidean ezinbestekoa dugun Korrika ETB2n ikusteko parada izan genuen. Euskarazko emanaldia, gaztelania erabiltzen duen euskal telebista kate publikoan. Sinpleki, bikaina iruditzen zait. Baina ez nuke erabakia keinutzat hartu nahi, alegia, ekintza bakantzat. 11:30etik 13:30 bitartean iraun zuen emanaldiak. Hain justu, ETBk ezer interesgarririk eman ohi ez duen tartean. Ez bada Vaya semanita edo Jessica Fletcher zein V-ko muskerren abenturak enegarrez ikustea atsegin duzula. Horiek %2-4 kuota lortzen dute; Korrikak, aldiz, %6,5 batez beste; euskaldunon artean, %11,1. Lekukoak garraiatutako mezuaren irakurraldiak, 12:50ean, %14,3 kuota bildu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko pantailen aurrean. Euskaldunon artean, guztira, %21,1.
«Bistan da, horrenbestez, ETB2n euskara sartzeak ez diola batere kalterik egiten katearen ikusle datuei», idatzi zuen Urtzi Urkizuk, eta ezin naiteke adosago izan hitzokin. Posible da ETB2n euskarazko emanaldi batek ikusle kuota ona lortzea. Edozein hizkuntzatan bezala, interesa badu eskaintzen denak, hots, kalitatezko emanaldia ikus badaiteke. Beraz, bada tenorea normalizazio bidean beste pauso bat eman eta ETB2ri eska diezaiogun euskaraz ekoiztutakoak emankizunen zerrendara gehitzeko. Etorkizunean —hurbila bada, nahiago— ETB1 eta ETB2ren arteko bereizketa tematikoa izan dadin, ez gure hizkuntzaren ardura.
Horretan ere Lorea Agirreren hitzekin koherenteki jokatzea ezinbestekoa da. Hortaz, «Kontua ekitea da / Egitea/ Egiten duguna gara / Izatea egitea da» eta kalean bezala, espazio telebisibo publikoan ere behar dugu: «Lekua hartu / Plazan sartu/ Bazterretik erdira etorri / Plaza erdira etorri eta lekuaz jabetu». Zentzu bikoitzarekin jokatzea da, baina, honetan ere: «Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen».

EKOGRAFIAK
Koherenteki jokatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu