Sara Azurza

Kolorez josia

2025eko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur nire amaren urtebetetzea da, eta, egun berezi honetan, berak oso bereziki maite duen telesail bati buruz hitz egin nahi dut: Sex and the City.

Ziur nago gehienok ezagutzen dituzuela haren lau protagonistak: Carrie Bradshaw, Charlotte York, Miranda Hobbes eta Samantha Jones. Telesaila ikusi dutenen artean ohikoa izan da lagunartean galdetzea: «Zein zara zu?». Galdera erraza dirudi, baina azpian badu zer hausnartu. Pertsonaia bakoitzak emakumeen askatasunari, desioei eta autoestimuari buruzko ispilu desberdin bat eskaintzen du. Eta, hala ere, badakit telesail horrek kritika ugari jaso dituela: ez gara denak Manhattango apartamentu dotoreetan bizi, ez dugu astero brunch-ik egiten, ezta plan estrabaganteak ordaintzeko aukerarik izaten ere. Errealitatea bestelakoa da, eta gazte askoren dirua alokairuan, erosketetan eta eguneroko beharretan desagertzen da.

Hala ere, azken urteotan gero eta gehiago ari gara entzuten kulturak eta sormenak gure osasunean eta ongizatean duten eraginaz. Museo batera joateak, liburu bat irakurtzeak, musika entzuteak, dantzatzeak eta halako esperientziek gure bizitza kalitatea eta emozioak nola hobetzen dituzten. Pandemia garaian ikasi genuen kulturarik gabe bizitza grisa dela, egunerokoaren kolorea galtzen duela. Eta hain zuzen ere, horregatik iruditzen zait garrantzitsua kontatzea nola izan den telesail bat, Sex and the City, nire amaren momentu batean kolore iturri.

Nire amari, telesail hau salbazio moduko bat izan zitzaion osasun arazo baten garaian. Etxean igarotako ordu luzeak arinago egin zitzaizkion, eta pertsonaien bizitzetan murgilduz, bere buruari begiratzeko beste modu bat aurkitu zuen. Carryren jantzi koloretsu eta ausartek liluratu egin zuten, eta, apurka-apurka, bere arropetan ere hasi zen aldaketa hori islatzen: grisak baztertu eta laranja, horia edo berdea hartu zituen maiteen artean. Orduz geroztik, janzteko eta apaintzeko ausardia handiagoarekin bizi da.

Sex and the City-k ez dio bizitza errealago bat erakutsi, baina bai arinagoa, alaiagoa. Eta, nolabait, horretan datza telesailaren indarra: emakumeek elkarrekin barre egiteko, amesteko eta berriz kolorea aurkitzeko espazio bat eskaintzen duela. Zorionak, ama!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.