Aurreko artikuluren batean aipatu nuen The Studio telesaila, eta, hura ikusi nuenetik, gai batek guztiz hartua ninduen: Jonestowneko sarraskiak. Aipatu telesailaren lehen atalean, umore beltz handiz aurkezten dute Ameriketako Estatu Batuetako historiaren kapitulu beltz hori; izan ere, zinema estudio batek Cool Aid izeneko edaria protagonista duen film bat egiteko eskaera jasotzen duenean, Martin Scorseserekin bilduko da, eta haren ideiari oniritzia emango diote: Jonestowneko sarraskia kontatuko duen film bat ekoiztea, zeinetan 900 pertsonak baino gehiagok bere buruaz beste egin zuten Cool Aid edariari zianuroa gehituz.
Umore garratzez kontatutako pasarte bat izanagatik, istorio hark odola izoztu zidan, eta horren inguruan dokumentatzeari ekin nion; Disney Plusen iaz estreinatutako dokumental bat topatu dudan arte. Historikoki AEBetako suizidio kolektiborik handien gisa jotakoa, berez, sekta baten barruan gertaturiko masa erailketa izan zen, eta Jim Jones izeneko liderra izan zuen errudun bakar eta absolutu.
Jonesek, garai hartako bidegabekeria sozial eta arrazialek gogaituta, People’s Temple izeneko komunitatea sortu zuen, zeinetan fede kristaua antiarrazismoarekin eta sozialismoarekin nahasten zituen. Gizarteak baztertutako eta sistemarekin desengainatutako pertsona asko batu zitzaizkion. 1970eko hamarkada aldera, ordea, komunitate guztia Hego Amerikako Guyana herrialdera eraman zuen. Hiriburuak Georgestown izena zuela ikusita, berak bere izenetik eratorritakoa jarri zion oihanean sortu zuten komunitate berriari: Jonestown.
Distantziatik ikusita, ezin jasanezko kiratsa darie sekta guztiei. Sozialismoa eta berdintasuna aldarrikatzen dituen predikari batek komunitate bati bere izen propioa emateak jada hautsak harrotu beharko zituzkeela pentsa genezake. Baina uste dut asko ikasi dugula jada historian zehar sekten inguruan.
AEBetako enbaxada batek, azkenean, Guyanara bidaiatu zuen, komunitate hermetiko hartan gertatzen ari zena grabatzera; eta gertakaria tragedian amaitu zen. Disney Pluseko dokumentalean ikus daitezke irudi horiek; tartean, helikoptero batetik hartutako Jonestownen panoramika bat, zeinetan 910 gorpu ikus daitezkeen larrean botata, jantzi koloretsuekin. Horietako baten hitzetan, belarretan botatako konfetia zirudien.