gaizka izagirre
Ekografiak

Krimenetik harago

2026ko irailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dizuet ezer berririk esango: maite dut true crime generoa, baina honezkero denok ohartuta gaude muntaketa kate batean sartuta dagoela. Plataformek, Netflix buru dutela, urteak daramatzate formula bera behin eta berriz ustiatzen: krimen bat, lekukotasun sorta bat, musika iluna, morbo dosi handiak eta behar baino hiruzpalau atal gehiago. Emaitza? Elkarren oso antzekoak diren dokumental mordoa, gertakariei begirada berritzaile edo sakon bat eskaintzeko bainoago, ikusleak kateatu eta harpidedunak irabazteko diseinatuak. Morboa algoritmo bihurtu da, eta krimena, streamingaren lehengai errentagarrienetako bat. Horregatik, molde hori apurtu eta hiltzaileaz edo misterioaz harago begiratzeko ausardia duen proposamen bat agertzen denean, ospatzekoa izaten da.

Eta horixe da, hain zuzen ere, Stacey Leek zuzendutako Murder 101 (Prime Video) dokusailak lehen ataletik bertatik lortzen duena. Ez generoa berrasmatzen duelako, baizik eta fokua beste leku batean jartzen duelako. Krimenaren misterioa presente dago, baina helburu nagusia izateari uzten dio, eta hezkuntzaz, enpatiaz, memoriaz eta justiziaz hitz egiteko tresna bihurtzen da.

Istorioak Tennesseeko institutuko ikasle talde baten lanari jarraitzen dio. Alex Campbell soziologia irakaslearen gidaritzapean, Redhead Murders izenez ezagutzen den kasua ikertzen dute: 1980ko hamarkadan hainbat emakume ilegorri erail zituen serieko hiltzaile baten krimenak.

Beste ekoizpen askok tentsioa hiltzailearen inguruan eraikitzen dute; hemen, berriz, arreta biktimengan eta, batez ere, ikasleen ikaskuntza prozesuan jartzen da. Nerabe talde batek ikertzen egiten duen bidea erakusten du: informazioa kontrastatzen, artxibo publikoetara jotzen, dokumentazioa eskatzen eta, batez ere, ulertzen zergatik geratu ziren biktima batzuk urte luzez ahanzturan.

Deigarri da Leek ikasleak filmatzeko duen naturaltasuna. Ez ditu telebistako detektibe gazte bihurtu nahi, nerabe arruntak dira: zalantzak dituztenak, huts egiten dutenak, hunkitzen direnak..

Agian, dokumentalaren eragozpen bakarra da balitekeela etengabeko ustekabez eta amaiera ikusgarriz beteriko thriller baten bila datorrena hotz samar geratzea.

Ikusgarritasunaren gainetik gizatasuna lehenesten du, eta erakusten du true crime generoak gure morboa asetzea baino askoz gehiago eskain dezakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA