Kaixo, irakurle; zutabe hau aurtengo azkena izango da. Baina lasai: 2026an telesail eta film gehiagorekin itzuliko naiz. Nire lankide Gaizka Izagirreren Onena (eta txarrena) zutabeari jarraituz, nik ere nire sailkapentxo propioa uztea erabaki dut. Eta, ikusiko duzunez, hainbatetan bat egingo dut Izagirrerekin.
Hauek dira 2025eko nire telesail kuttunenak, ordena honetan: Task (HBO Max), Adolescence (Netflix), The White Lotus (HBO Max / 3. denboraldia), Severance (Prime Video / 2. denboraldia) eta After the Party (Filmin). Bost telesailek dute drama eta suspense ukitua, eta pertsonaien arteko harremanetan jartzen dute arreta; dagoeneko ezagutuko duzu nire gustua.
Task eta Adolescence, dudarik gabe, bikainak iruditu zaizkit. Biek erakusten dute sistemek, zaurgarrienak babestu beharrean, askotan nola huts egiten duten: autoritatea entzun gabe erabiltzen da, ardura protokoloan urtzen da, eta kaltea atzera-bueltarik gabe geratzen da. Biek ikerketa bat dute amankomunean, baina bata drogen trafikoan zentratzen da, eta bestea adin txikiko bati leporatzen zaion delitu batean.
Hirugarren postuan The White Lotus-en hirugarren denboraldia kokatu dut. Izugarri gustatzen zait telesail hori, klase arteko desberdintasunak adimen handiz agerian uzten dituelako, umorea eta thrillerra uztartuz Thailandiako luxuzko hotel batean.
Laugarren postuan, Severance telesailaren bigarren denboraldia jarriko nuke. Gaizka Izagirrerekin bat nator aurten ikusitako proposamenik berritzaile, ausart eta liluragarrienetako bat dela. Thriller psikologiko indartsua da, estetika paregabearekin are erakargarriagoa egiten dena.
Azkenik, bosgarren postuan After the Party kokatu dut. Senarrak alabaren lagun bati egindako abusua salatzen du emakume batek, eta haren mundua erabat hankaz gora jartzen da. Hautsak harrotzera datozen telesail horietako bat da, oilo ipurdia eragingo dizuten horietakoa.
Urteko nire kuttunenak aurkeztu ondoren, 2026ak ekarriko duenari begira amaituko dut zutabea, errealitate eta istorio desberdinak pantailara ekartzen dituen artearen alde. Urte berri on!