Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Lagunak

2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Adiskidetasunaren inguruko istorio gutxi ikusi eta irakurtzen ditugu fikzioan. Aurrekoan, Nerea Perez de las Heras kazetariak horren inguruan hitz egin zuen Instagramerako egin zuen bideo batean. Bertan, adiskidetasunaren garrantzia azpimarratzen zuen, eta fikzioan adiskidetasunaren inguruko istorioen falta azaltzen zuen. Bere iritziz, adiskideen arteko harremanak oso bereziak dira. Lagunak gure familia izan daitezke, baina odolezko familiarekin duen ezberdintasun garrantzitsuena gure lagunak guk aukeratzen ditugun pertsonak izaten direla da. Hierarkiarik gabeko erlazioak dira eta erlazio bakoitza desberdina da.

Araurik gabeko erlazioak dira eta adiskide batekin harremana amaitzen denean, bikotekide batekin amaitzen den sentsazio antzekoa bizi daiteke. Daniel Sanchez Arevaloren Las últimas de la fila (Netflix) telesailak bost emakumeren adiskidetasunaren une kritiko batera eraman gaitu. Bostetako bati minbizia diagnostikatu diote. Urtero bidaia bat egiten dute eta aurtengoa berezia izango da. Bostek ilea moztu egiten dute, kaskamotz geratzen dira minbizia duenaren omenez. Bidaiak irauten duen egunetan, proba bat egin beharko dute egunero. Bost lagunen egunerokoa oso desberdina da. Horietako bi ama dira, beste batek erlazio egonkorrak saihesten ditu, besteak mundua gorroto du, eta azkenak sare sozialen bitartez bere antsietatea azaltzen du.

Minbizia duen laguna nor den ez da aipatzen telesailean. Amaierara arte ez dugu jakingo nor den gaitza duena. Telesailaren gakoetako bat hori da, ez dela minbiziaren biktimizazioan sartzen eta ia ahaztu egiten gara zergatik moztu duten beraien ilea. Bidaian zehar ezartzen dituzten proben bitartez gehiago ezagutuko dugu lagun taldea. Bakoitzak bere beldurrak ditu eta lagunen laguntzarekin pixkanaka kendu egingo dituzte.

Lagun oso bereziak dira, eskolan azken lerroan esertzen ziren. Bostak desberdinak badira ere, beraien arteko erlazioa lehentasuna da denentzat. Horrelako harreman zintzo eta leialak pantaila txikian ikustea ez da oso ohikoa izaten. Adiskidetasunari omenaldi egiten dion telesail horrek, gozatzeko gonbidapena egiten digu. Nerea Perez de las Heras kazetariak Saldremos mejores podcastean askotan dioen bezala, lagunik gabe ez goaz inora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.