L'affaire Laura Stern telesaila (Filmin) emakumeek egunero pairatzen duten indarkeriaren aurkako alegatu oso interesgarria da, hausnarketak eragiten dituen horietakoa.
Laura Stern da protagonista, Frantziako herri txiki bateko farmazialaria. Bere kontzientzia sozialak Femmes Debout elkartea sortzera eraman du, euskaraz Emakumeak Zutik gisa itzul genezakeena. Egoera zaurgarrian dauden edo genero-indarkeria jasan duten emakumeei laguntza eta babesa eskaintzea du helburu elkarteak. Astero biltzen dira farmaziaren atzeko gela txiki batean, eta bertan emakumeek askatasunez hitz egin dezakete beren beldurrez, zauriez eta traumez. Laurari esker, babes sare sendo bat eraiki dute. Baina elkarteko kideetako baten hilketa bortitzaren lekuko bihurtzen denean, egoerak erabat gainezka egingo dio, eta egia eta justizia bilatzeko bide arriskutsu bati ekingo dio.
Telesailak arazo sozial larri bat gatazka dramatiko konplexu bihurtzen du. Ez da genero-indarkeria salatzera mugatzen; poliziaren eraginkortasuna, justizia-sistemaren mugak eta biktimak babesteko mekanismoen gabeziak ere kolokan jartzen dira.
Akim Iskerren zuzendaritzak ihes egiten dio sentsazionalismoari. Indarkeria ez da inoiz ikuskizun bihurtzen, eguneroko errealitate gordin moduan agertzen da. Hausnarketa hori modu neurtuan garatzen da, eta ikuslea etengabe jartzen du dilema moral konplexuen aurrean, bereziki Laurak justizia bere esku hartzea erabakitzen duenean.
Valerie Bonnetonen interpretazioa da telesailaren zutabe handietako bat; bere lanak ñabardura ugari ditu. Egia da une batzuetan haren interpretazioa hotz samarra edo espresio gutxikoa dela, baina, neurri batean, horrek pertsonaiaren nekea eta barruko higadura are sinesgarriago bihurtzen ditu.
Telesailak baditu ahulguneak ere. Badira guztiz beharrezkoak ez diren erabaki narratiboak; esaterako, Lauraren harreman erromantikoa behartuegia da eta sobera dago. Bestalde, mezua une jakin batzuetan didaktikoegia da, eta zenbait eszenak obraren tesia azpimarratzeko sortuak dirudite, kontakizunaren naturaltasuna zertxobait kaltetuz.
Hala ere, telesail bizi, konprometitu eta deserosoa da. Drama sozial garaikide gisa hasten dena, thriller moral bihurtzen da pixkanaka, ikuslea zuzenean interpelatzen duen kontakizun batean.