«Telesail asko herensugeen edota detektibeen inguruan egiten diren honetan, Leonard and Hungry Paul-ek bide motelago eta xumeagoa hautatzen du: adeitasuna eta gauza txikien garrantzia», azaldu du Andrew Chaplin telesailaren zuzendariak.
Eta horixe bera da telesailaren indargune handiena: handinahitasunik gabe, egunerokoaren xumetasunean aurkitzen du emozioa. Leonard and Hungry Paul telesail laburrak erakusten du istorio guztiek ez dutela gertaera handirik behar ikuslea hunkitzeko. Ikusezintasun sozialari buruzko hausnarketa ederra egiten du, txikitasunaren handitasuna aldarrikatzen duen bitartean. Telesail gozoa, beroa eta atsegina da.
Dublingo auzo lasai batean kokatzen da istorioa. Han ezagutuko ditugu Leonard eta Hungry Paul: bi lagun bakarti, barnerakoi eta berezi. Leonard 30 urte inguruko gizona da, eta Dublingo argitaletxe batean egiten du lan, beste batzuentzat liburuak idazten dituen beltz literario gisa. Hungry Paul, berriz, bere lagunik onena da: adin bertsuko beste gizon xelebre eta bakarti bat. Maiz elkartzen dira plan lasaiak egiteko; mahai-jokoen, paseo isilen eta elkarrizketa sakonen artean garatzen da seriea, tonu baikor eta samur batez.
Leonarden amaren ustekabeko heriotzak, Hungry Paulen arrebaren hurbileko ezkontzak eta Leonardek Shelley lankidearekin hasiko duen harreman berriak bi protagonistak aukera eta ziurgabetasunez beteriko mundu batera eramango ditu. Ordura arte geldi zirudien bizitzak mugitu egingo dira, poliki, baina sakon.
Bikote bitxi horren eguneroko ibilerek ironia britainiar fin eta sotilez betetako bake-zurrunbilo batera eramaten dute ikuslea. Serieak umore txikia eta melankolia modu naturalean uztartzen ditu, eta horixe da, neurri handi batean, bere xarma.
Leonard eta Hungry Paul telebistako maskulinitate eredu tradizionalekin hausten duten pertsonaiak dira. Horregatik dira hain hurbilak eta maitagarriak.
Aipatzeko moduko beste elementu bat off-eko ahotsa da. Kontakizun osoa Julia Robertsen ahotsak zeharkatzen du, eta horrek ukitu berezi eta ia literarioa ematen dio serieari. Ez da apaingarri huts bat; zentzuz eta neurriz erabilita dago, eta narrazioari beste geruza emozional bat eransten dio.
Besarkatzeko gogoa pizten duen telesail oso gomendagarria.