Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Lingua navarrorum

2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Larraonan (Iruñea) 1994ko uztailean UEUk antolaturiko irrati-tailerrean ikasitakoa praktikara eraman ahal izateko laguntza eske jo genuen Euskalerria Irratira, eta arduradun eta esatariek estudioetako ateak (atiko batean zeuden) ireki zizkiguten. Euskaraz emititzen zuen Iruñerriko irrati bakarra zen arren, edo horregatik, ordurako Nafarroako Gobernuak bi aldiz ukatu zion emititzeko lizentzia; bizirik jarraitzeko erabat beharrezkoa jotzen zuten baimen administratiboa, alegia. Hori ez zen heldu 2016ra arte, epaitegietan bizitako periplo neketsu baten ondorioz, gobernuak jarritako oztopoen gainetik eta euskaldunen babes fidelarekin. Azaroan 35 urte beteko ditu, eta urtebetetzearen harira berritasunak igarri ditu.

Zenbait administraziok jarritako eragozpenei ere aurre egin behar izan die Esan Erran irratiak—25 urte beteko ditu—. Laguntzarik gabe aurrera jo ezinik, bitan isildu zen bere ahotsa, baina orain ozen entzuten da Garazi Zabaleta eta Itziar Perezen gidaritzapean. Bere aldetik, Irati Irratiak 30 urte bete zituen urtarrilean. Biak daude Arrosa sarean, Baztango Xorroxin zein Euskal Herriko irrati libreen aitzindaria den Eguzkirekin batera, eta lankidetzaren bidez programazio osatuak eskaintzen dituzte.

Nafarroako irrati euskaldunen mapa osoa marrazteko, aipatu beharra ditugu Lekunberriko Aralar Irratia zein Leitzako Karrape. Orotara, sei dira euskaraz emititzen duten irrati nafarrak, eta euskarafoboek jarritako oztopo guztien gainetik aurrera jo dute, baita elkarkidetza-sareak josi ere. 2000n Sarea izeneko magazina egiten hasi ziren elkarrekin Esan Erran, Beleixe eta Aralar, eta geroago, 2007an, Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea sortu zuten. Bide beretik jarraitzen dute gaur egun.

Aitortu behar dut oso gutxitan ateratzen naizela Nafarroako gaurkotasunera EAEzentrikoa den irrati-programaziotik ez bada. Urteurrenen harira, atiko horretara itzuli naiz, orain entzule gisa, eta Euskalerria Irratiaren Metropoli Forala edo Iruñerria Gaur saioak zein Karrapeko magazina entzun ditut. Eta bizi naizen Bizkaiko txoko honetatik Iruñea hurbilago sentitzeaz gainera, lingua navarrorum delakoaren aurkako erasoei aurre egiten jarraitu behar dugula berretsi dut, Nafarroako uhinetatik hamarkadetan egiten ari diren bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.