gorka julio
IRLEN SAREA

Lotsa prometeikoa

2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ez dakit zer gertatzen zaigun teknologia berriekin, egunero erabilita ere, arrotzak zaizkigunaren sentsazio orokor bat dugula. Publiko orokorrarentzako eman izan ditudan hitzaldi batzuetan, jendeari espresuki eskatzen diot gai horietan ezagutzen ez duten beste edozer gauzaren aurrean egongo balira bezala jokatzea. Hau da, orain ulertzen ez badute, ulertuko dutela sinistarazi behar izaten diet. Aurretiazko blokeo bat dago eta nondik datorren jakin nahiko nuke.

Oso zaila da teknologia guztiak menderatzea. Sakelakoa edo ordenagailua kontrolatzen dugunaren sentsazioa eduki dezakegu, baina hortik aurrera kontrol falta dugula senti dezakegu. Asmakizunen abiadura hain da handia, zein dena ulertzea ezinezkoa da. Kontrol falta horrek kontrolatzen ez ditugun alorrak delegatzera eraman gaitzake. Bide horren arriskuak nabariak dira, eta Hanna Arendtek aurreratu bezala, autoritarismoaren edo teknokraziaren esku gelditzeko bidea.

Gunther Andersenek ┬źlotsa prometeikoa┬╗ bezala definitu zuen gizakiek beren asmakizunen aurrean sentitzen zuten gutxitasun konplexua. Sortutako makinak gizakia gainditu izan balu bezala, ez-perfektu sentiarazten gaitu. Konplexu baten aurrean jartzen du gizakia.

Lotu dezagun hori Freuden jarraitzaile Alfred Adlerrek esan zuenarekin: gizakia mundura etortzean gutxitasun sentsazio batekin jaiotzen dela. Horren aurrean, erantzun ezberdinak izan ditzake pertsonak: batzuk patologikoak eta beste batzuk orekaren bila doaz. Espresio patologikoetako bat boterearen bidez gutxitasun konplexua gainditzeko saiakera izan daiteke; berriro autoritarismoaren erreflexuaren aurrean kokatzen gaituena.

Adlerrek heziketari lotuta ikusten du arazoa: hezkuntza autoritarioegian haurra ez da estimatua eta onartua sentitzen; askatasun gehiegizkoan, haurrak ez du besteekiko errespetua ikasten eta babestuegia dagoenean ere, erresilentzia galduko luke. Aro honetan zein heziketa beharko genuke teknologiarekiko harreman osasuntsuak garatzeko?

Blokeoaren arrazoiak horiek edo antzekoak izan daitezkeela onartuz gero, ezinbestekoa da gure jendartean teknologiarekiko ahalduntze integralerako (https://labur.eus/ahalduntze-integrala) bideak lantzen hastea. Gure konplexuek autoritarismoari atea irekitzea nahi ez badugu; beste ate bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.