Sara Azurza
'Ekografiak'

'I love LA'

2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Los Angelesen zaude, 2025ean, eta 30 urte inguru dituzu. Sormen sektorean egiten duzu lan, eta zure lagunek ere bai. Famatuen inguruan bira egiten duen bizitza bat duzu. Baina zu, zer? Rachel Sennotten azken lana dakarkizut gaur, HBOn estreinatu berri den I Love LA.

Rachel Sennott (1995, Simsbury, Connecticut, AEBak) bere lehen unibertsitate-urtea hasi berritan komediaz maitemindu zen, mikrofono irekiko gau batean parte hartu ondoren. New Yorkeko Tisch School of Arts-en antzezpen ikasketetan graduatua, Shiva Baby (2018) filmean egindako antzezlanarekin eman zen ezagutzera.

I Love LA telesailean, Sennott Maia da, eta influencer agentzia batean lan egiten du. Bere bizitza kontrolpean du: agian nagusiak ez du serio hartzen, baina harreman sentimental osasuntsu eta sendoa du —Josh Hutcherson aktoreak antzeztua—, eta beti ondoan dituen bi lagun. Bat-batean, Tallulah agertzen denean —sare sozialen bidez ospetsu bilakatu den aspaldiko laguna—, egonkortasun hori guztia hankaz gora jartzen da, eta aukera bat sortuko zaio: enpresan gora egitea, haren lagunik onena den dinamita ezegonkor hori ordezkatuz.

Lena Dunhamen Girls ereduari jarraituz, pertsonaiek egozentriko samarrak dirudite, baina minutuak aurrera joan ahala, ez da zaila haien bertuteak antzematea. Pertsonaiak ez dira hain jasangaitzak haiek ezagutzen hasten zarenean. Bottoms filmeko gidoilari lanagatik nabarmendu zen Sennott, eta badu zer kontatua. Eta, batez ere, nortasuna izateko irrikan dauden egilez betetako telebista-panorama batean, berak ez du ahazten telesail dibertigarri bat idaztea.

Azken batean, I Love LA telesailak umorearen bidez erakusten du gaur egungo gazte askoren errealitatea: lanean aurrera egitea, norberaren ahotsa aurkitzea eta, bitartean, harreman pertsonalak eta profesionalak ez astintzea. Los Angelesko distirak ezkutatzen duen presio bera bizi da edonon: nork bere burua egonkortu nahi du, sarri prekaritatearen, konparazio etengabearen eta pantailen bidezko balioztatze beharraren artean. Maia jokaleku horretan murgiltzen da, eta hiri erraldoi batean bizirautea —eta bitartean bizitza ez desegitea— bihurtzen zaio eguneroko erronka.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.