Sara Azurza
Ekografiak

Luxuaren itzalak

2026ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eliteen inguruko fikzio askok erabili duten formula hartu eta ilundu egiten du HBO Max plataforman ikusgai dagoen Privilège telesailak. Hasieran, botere ekonomikoaren inguruan orbitatzen duten gazteen drama baten itxura duenak familia aberatsak, luxuzko lekuak, arrakastaren presioa eta itxurakeriaz eraikitako harremanak erakusten ditu. Baina telesailak berehala uzten du agerian distira horren azpian beldurra, manipulazioa eta inpunitatea ezkutatzen direla.

Adele Charki (Manon Bresch) protagonistaren eskutik sartuko da ikuslea unibertso beltz horretan. Adele Charki gazte espetxeratu bat da, eta, baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera izan dezan, Parisko Citadel izeneko luxuzko hotel batean hasiko da lanean, gizarteratze programa baten bidez. Hala ere, laster ulertuko du leku horretan bizirik irautea ez dela erraza, eta han jarraitzeko edozer egiteko prest egon beharko duela.

Askok Industry telesailarekin alderatu dute, eta ez da kasualitatea. Hala ere, Privilège-k ikuspegi ilunagoa eta zorrotzagoa eskaintzen du, erritmo biziago baten bidez. Londresko finantza-giro frenetikoaren ordez, Parisko luxuzko hotelak eta ingurune esklusiboak erabiltzen ditu, hotzak eta ia klaustrofobikoak diren espazioak sortuz. Estetika zaindu horrek ez du soilik edertasun bisuala helburu: pertsonaien distantzia emozionala eta kontrol obsesiboa azpimarratzen ditu.

Narrazioaren indarra ez dago misterioetan bakarrik, pertsonaien barne-gatazketan baizik. Boterearen babesa dute, baina baita itxurak mantentzeko zama ere. Errua, beldurra eta presio soziala dira haien erabakien benetako motorra. Horregatik, tentsioa ez dator soilik gertatzen denetik, baizik eta pertsonaiek zer ezkutatzen duten deskubritzeko beharretik.

Privilège telesailaren munduan, arauak ez dira berdinak denentzat, eta goi-mailako pertsonaiek egia manipulatzen dute ondorioetatik ihes egiteko. Horrek gaur egungo desberdintasun sozialen inguruko irakurketa zorrotza eskaintzen du, entretenimendutik harago doana.

Azken batean, Privilège ez da soilik suspensezko telesail eraginkor bat. Eliteen inguruko fantasia glamourosoa deseraikitzen duen fikzio deserosoa da, zeinak galdera bat dakarren: botereak zenbateraino estaltzen dituen egia eta erantzukizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA