Sara Azurza
Ekografiak

Maitasuna deseraikitzen

2026ko ekainaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emily Bronteren Gailur ekaiztsuak eleberria literatura unibertsaleko maitasun istorio ezagunenetako bat da, eta, mende eta erdi baino gehiago igaro diren arren, iruditeria kolektiboan indarra izaten jarraitzen du. Emerald Fennellek zuzendutako moldaketak ere indar horretatik edaten du, eleberriak nerabezaroan sortu zion liluratik abiatuta eraikitzen duen kontakizunean.

Filmak Catherine Earnshaw eta Heathcliffen arteko harremana du ardatz. Ingalaterran hazitako bi gazteren arteko lotura sakon eta gatazkatsuak markatzen du istorioa, maitasuna, desira, klase sozialak eta mendekua uztartuz. Jatorrizko testuaren elementu nagusiak mantenduz, filmak bi protagonisten arteko harremana intentsitate handiz erakusten du, haien bizitzak ez ezik ingurukoenak ere baldintzatuko dituen lotura baten bidez.

Hala ere, ikuspegi garaikide batetik begiratuta, zaila da kontakizunak proposatzen duen maitasun eredua zalantzan ez jartzea. Historikoki maitasun handi eta sutsu baten adibidetzat aurkeztu izan den harremanak dependentzia emozionalaren, obsesioaren eta sufrimenduaren elementu ugari biltzen ditu. Horregatik, gaur egungo testuinguruan, maitasun erromantikoaren eta harreman suntsitzaile baten arteko mugak lausotzen dituen kontakizun gisa ere irakur daiteke. Alde horretatik, filmak maitasunaren idealizazioari buruzko eztabaidak pizten ditu. 

Alde formaletik, filmak arreta handia jartzen du giroaren eta irudien eraikuntzan. Paisaiak, argiak eta pertsonaien arteko distantzia fisiko zein emozionalak zaindutako proposamen estetiko baten parte dira. Baina, irudiak indarra izan arren, kontakizunak ez dio justiziarik egiten. Horri filmaren iraupena ere gehitu behar zaio: ia bi ordu eta hogei minutuak astun izatera iritsi daitezke.

Gailur ekaiztsuak, oro har, ez da soilik maitasun istorio bat; maitasun erromantikoaren mitoari buruzko lan bat ere bada. Horregatik jarraitzen du interesgarria izaten gaur egun ikusle askorentzat. Baina, aldi berean, haren indargune nagusia izan zena —maitasunaren ikuspegi absolutu eta sutsua— da niretzat zalantzagarriena. Garai batean idealizatu zen horrek, gaur egun, irakurketa kritikoagoa eskatzen du; izan ere, maitasun eredu desiragarri bat baino gehiago, menpekotasun emozionalak eta jokabide toxikoek markatutako harreman bat erakusten du. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA