Azkenean ikusi dut Off Campus, uda honetan hainbeste aldiz aipatzen entzun dudan telesaila. Nolabait, aurtengo The Summer I Turned Pretty-ren sukarra gogorarazi didana. Amazon Prime Videon ikusgai dago, eta aitortu behar dut ustekabe atsegina izan dela. Izan ere, badirudi, azkenean, maitasun osasuntsuak ere pantailan lekua egiten hasi direla.
Off Campus Elle Kennedyren eleberri arrakastatsuetan oinarritutako unibertsitateko drama erromantiko bat da. Lehen denboraldiak Hannah Wells (Ella Bright) musika ikaslea eta Garrett Graham (Belmont Cameli) unibertsitateko hockey taldeko izarra ditu protagonista.
Garretten notak hobetzeko eta Hannahri gustuko duen mutilarengana hurbiltzen laguntzeko adostutako tratu batek itxurazko harreman bat sortuko du. Pixkanaka, ordea, bien arteko lotura benetako maitasun bihurtzen hasiko da. Bien bitartean, adiskidetasuna, helduarorako trantsizioa eta norberaren zaurgarritasunari aurre egitea izango dira kontakizunaren ardatz.
Ez da ezer berria. Formula hau dozenaka aldiz ikusi dugu. Bi pertsona aurrez aurre jarri, hasierako aitzakia bat asmatu, eta maitemindu egiten dira. Baina Off Campus-ek badu bereizten duen zerbait: dena modu naturalean garatzen dela. Ez dago gaizki-ulertu artifizialik, ezta drama neurrigaberik ere. Pertsonaiek hitz egiten dute, beldurrak adierazten dituzte eta elkarri laguntzen diote.
Eta hori ez da Hannah eta Garretten arteko harremanean bakarrik gertatzen. Hockey taldeko mutilen artean ere zaurgarritasuna, adiskidetasuna eta elkar zaintzea normaltasunez erakusten dira. Hori da, nire ustez, telesailaren ekarpenik interesgarriena. Gizontasun eredu osasuntsuago bat proposatzen du, eta erakusten du emozioez hitz egiteak ez duela inor ahulago egiten.
Alde horretatik, aurten hainbeste gustatu zitzaidan Heated Rivalry telesaila ekarri dit gogora; hockeyaren inguruan eraikitako beste maitasun istorio bat, maskulinitatearen irudi estuei ihes egiten ziena.
Off Campus ez da generoaren arauak hankaz gora jartzen dituen telesail bat. Baina ez du horren beharrik. Batzuetan nahikoa da maitasuna modu osasuntsuan kontatzea, eta ikusleari gogoraraztea harreman on batek ez duela zertan oihuetan, jeloskortasunean edo sufrimenduan oinarritu. Horretan, behintzat, Off Campus-ek asmatu egin du.