Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

Maitasuna jarri

2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Nire amari buruzko lehen eta azken hitzak doaz hemen. Asko maite dut; baina sukaldean, egia esan (barkatu, ama), ez da apartekoa. Jakin badaki, ez du maitasunik jartzen horretan. Leka egosiak patatekin egiten baditu, patatekin eta gatz apur batekin soilik jarriko ditu; ez baratxuririk, ez oliba olio txorrotarik, ez ezer.

Agian horregatik, edo jatun ona naizelako besterik gabe, baloratzen ditut horrenbeste errezeta sinpleenei maitasuna jarriz buelta bat ematen dieten horiek. Sidney gazteak The Bear telesailean tortilla frantsesarekin egiten duen bezala.

The Bear-ek bigarren denboraldia estreinatu du Disney Plus plataforman. Hona trama, labur: sukaldari entzutetsu eta gazte batek hil berri den bere anaiaren ogitarteko jatetxea jasotzen du oinordetzan, bertako langile guztiekin; eta negozioari bizitza berri bat eman nahi izango dio.

Egia esan, lehena ez nuen ikusia, eta abagunea hartuta, guztia segidan ikusi dut. Arrapaladan, gose naizenean espageti plater bat jango nukeen bezala. Nabari da telesaila bera, Sidneyren tortilla frantses hori bezala, maitasunez egina dagoela. Gidoia bikaina da; sekulakoa nola hamaika norabidetako elkarrizketa kaotiko horietan (zeren, bai: kaosa nagusi da, sukaldean bereziki) fikzioan niretzako ezinbestekoak diren bi helburu lortzen dituen: naturaltasuna mantentzea eta istorioa bideratzea.

Komedia bezala ageri da irakurri ditudan laburpenetan. Nik hasieran ez nion kutsu hori hartu; egia da lehen denboraldiak, behintzat, barrea baino antsietatea eragiten duela. Baina behin erritmora ohituta, konturatzen zara zein ongi konbinatzen dituen egoera dramatikoak komikoekin (spoiler-etan erori gabe: Gabon afariko sardexken eszena, edota hozkailuarena, azkenekoan).

Azpimarratzekoa, bereziki, aipatu berri dudan Gabon afariaren kapitulua; gainontzekoen bikoitza irauten du, eta sekulako kameo garrantzitsu kontzentrazioa dago bertan. Telesail arrakastatsu berri askotan ohikoa izaten den bezala, nabari da bigarren denboraldian aurrekontua handitu egin dela!

Horrekin guztiarekin oraindik ez bazaitut konbentzitu telesaila ikusteko, behintzat, egin ezazu pertsonaiak kozinatzen ikusteko plazer hutsagatik: horregatik, soilik, jada merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.