gaizka izagirre
Ekografiak

Maparen ertzetan

2026ko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maparen ertzetan sortzen diren istorio horietako bat da Historias del buen valle, erdigunearen zaratatik eta presatik aldendutako begirada pausatu bat eskaintzen duen lana. Jose Luis Guerín zinemagile kataluniarrak berretsi egiten du bere filmografian aspaldidanik sumatzen den ideia nagusia: filmatzea begiratzen ikastea dela. Gaurkotasunaren zaratatik eta berehalako iruzkinetik urrun, behaketan oinarritutako zinema proposatzen du, denborari arnasa hartzen uzten diona eta ikuslea haren erritmora egokitzera gonbidatzen duena. Movistar Plusen ikusgai dagoen proposamen berezi horrek, 2025eko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu ondoren, Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen.

Filmak Vallbonara garamatza, Bartzelonako periferian kokatutako auzo batera, hiriak eta landa eremuak elkar ukitzen duten mugako lurralde horietako batera. Han, paisaia sozialak garaikidetasunaren isla txiki, baina esanguratsu bihurtzen dira. Zuzendariak auzoko biztanleen egunerokoaren zatiak bildu ditu: hizkuntza, ahots eta azentu ugaritan ehundutako kontakizunak, elkarrekin mosaiko koral bizia osatzen dutenak. Errealitatea, gainera, eszenaratze fin eta ia ikusezin baten bidez iragazten da.

Diskurtso itxietatik ihesi, filmak hurbilketa enpatiko eta irekia proposatzen du. Ahotsen, oroitzapenen eta begiraden arteko sare baten moduan hedatzen da, gatazka sozialak, belaunaldien arteko talkak eta identitateari lotutako tentsioak agerian utzita. Aldi berean, hirigintzaren, lurraldearen eraldaketaren eta ingurune naturalarekiko loturaren inguruko gogoeta ere bada. Didaktismorik gabe, gentrifikazioa, migrazioa, hiri desplazamendua eta halako gaiak eguneroko elkarrizketen eta isiluneen barruan txertatzen dira, modu naturalean, azalpenik eskatu gabe.

Lan bisualak eta soinu diseinu zainduak osatzen dute proposamena: enkoadraketa zabalak, erreflexuak, hutsarteak eta paisaiarekin bat egiten duten elkarrizketak uztartuz, benetakoaren erregistro hutsetik harago doan poetika zinematografiko bati forma ematen dio filmak.

Presak eta azalpen etengabeak nagusi diren ikus-entzunezkoen garaiotan, Guerínen zinemak erresistentzia lasaia proposatzen du. Lan horrekin, Guerínek berretsi egiten du zinema garaikidearen begiradarik sentikorrenetako bat dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA