gaizka izagirre
Ekografiak

Marco eta Tania

2026ko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zinemetatik igaro ostean Filmin plataforman lurreratuko da La superviviente dokumentala. Kike Maillo da zuzendaria, eta Markos Goikolea gidoilari euskaldunak idatzi du gidoia.

Lanak Tania Headen istorioa du ardatz. 2001eko irailaren 11ko atentatuetan New Yorkeko World Trade Centerreko Dorre Bikietatik bizirik atera zirenen ahotsetan ezagunenetako bat izan zen urte luzez.

Haren esanetan, bigarren hegazkinak jo zuen dorreko goiko solairuetatik bizirik ateratzea lortu zuen bakarra izan zen. Gainera, bere gainditze istorioak World Trade Centerretik Bizirik Ateratakoen Elkarteko presidente izatera eraman zuen. Haren biziraupenaren kontakizunak mundu osoko hedabideen arreta bereganatu zuen, eta milioika pertsona hunkitu zituen.

Baina denborarekin, haren kontakizunaren inguruko lehen zalantzak agertzen hasi ziren. Ondorengo ikerketek agerian utzi zuten irailaren 11ko atentatuekin lotutako iruzurrik harrigarrienetako baten aurrean geundela: xehetasun handiz eraikitako gezur bat, urte luzez iritzi publikoaren parte handi batek egiazkotzat jo zuena.

Dokumentalean zehar, kasu honek Enric Marcorenarekin dituen antzekotasunak ere aipatzen dira. Biek tragedia historiko baten biktima izan eta bizirik atera den norbaiten identitatea eraiki zuten, eta biek lortu zuten gezur pertsonala kontakizun kolektibo baten parte bihurtzea.

Lanaren erabaki narratiborik deigarrienetako bat Alicia Esteve ez erakustea da. Maillok haren figura berreraikitzea erabaki du, testigantzen, artxiboen eta Taniaren rola interpretatzen duen aktore baten bidez. Horrela, filmak pertsona errealaren eta hark eraikitako pertsonaiaren arteko distantzia azpimarratzen du. Gezurtiaren aurpegia erakutsi beharrean, gezurra bera bihurtzen du protagonista.

Hala ere, dokumentalak baditu erabaki zalantzagarriagoak ere. Pasarte batzuetan, Kike Maillo zuzendaria eta Markos Goikolea gidoilaria ageri dira kameraren aurrean, elkarrizketak egiten. Haien presentziak ez du, ordea, ekarpen berezirik egiten, kasuaren beraren indarrak ez du haien bitartekaritzaren beharrik.

La superviviente lanak ez du iruzurra bera bakarrik kontatzen; memoriaren, identitatearen eta kontakizunek —egiazkoak izan ala ez— gure errealitatea eraikitzeko duten boterearen inguruko gogoeta ere proposatzen du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA