Txikitatik izan dut marrazoekiko lilura berezi bat. Erantzulea, jakina, Spielbergen Marrazoa filma (Jaws) izan zen. Ikusi nuenetik, animalia horiek sekulako zirrara eragiten didate.
Filmak 50 urte bete berri ditu, eta hori aitzakiatzat hartuta kaleratu dute Jaws @ 50 dokumentala. Sormen bidaia bat da, anekdotaz eta bitxikeriaz betea, izenburu mitiko hark eragin zuen guztiaren berri ematen duen lan nostalgiko eta ederra. Biziki gomendatzen dut dokumentala, baina gaur beste izenburu bat izango dut mintzagai.
Marrazoak duela laurehun milioi urte baino gehiago bizi dira Lurrean, eta ezinbestekoak dira itsas ekosistemen osasunerako. Hala ere, urtero ehun milioi marrazo inguru hiltzen dira. Hori da Shark Whisperer dokumentalak ematen duen datu kezkagarria. Netflixen dago ikusgai eta protagonista Ocean Ramsey da: itsas kontserbazionista eta sare sozialetako aktibista (hiru milioi jarraitzaile inguru ditu), marrazoen artean kaiolarik gabe igeri egiteagatik ezagun egin dena. Haren helburu nagusia da marrazoak salbatzea eta espezie hori babestearen premia lau haizeetara zabaltzea.
Marrazoen defendatzaile sutsua izanik, eta animalia horien irudi publikoa aldatu nahian, haiekin kaiolarik gabe igeri egiten hasi zen. Dokumentalak aurrez aurre izandako topaketen irudi ikusgarriak eskaintzen ditu; tentsioz eta edertasunez betetako uneak dira, ahozabalik uzteko modukoak, ia sinestezinak.
Dokumentala ederra da, hunkigarria bezain probokatzailea. Ocean Ramseyk marrazoekin egindako lanari filtrorik gabeko leihoa eskaintzen dio, eta hainbat gogoeta eragiten ditu.
Eskertzekoa da dokumentalak ahots kritikoei uko egin ez izana: biologoek, adituek eta beste kontserbazionista batzuek zalantzan jartzen dituzte zenbait gauza, eta adierazi balitekeela Ramseyren interakzioek marrazoak estresatzea, haien jokabide naturala aldatzea eta aktibismoaren eta ikuskizunaren arteko mugak lausotzea. David Shiffman eta Michael Domeier zientzialariek, adibidez, ohartarazi dute kaiolarik gabeko hurbilketa horiek jokabide arriskutsuak eragin ditzaketela prestakuntza egokirik gabe.
Eztabaidatik harago, Ramseyren lanak fruituak eman ditu: 2019an, inoiz erregistratu den marrazo zuri handienarekin egin zuen igeri. Irudiek munduari buelta eman zioten eta Hawaiik marrazoen arrantza ofizialki debekatzeko giltzarri izan ziren.