Martxoaren 3an Gasteizko sarraskiaren 50 urte betetzen direlarik, oroimen-ekitaldi ugari antolatu dira Zaramaga auzoan hildako bost langileen omenez egindako oroigarrian zein hiriko beste gune batzuetan. Garai horretako langile-borroka eta gaur egungoak batzen dituen irakurketa politikoa entzungo da berriz ere; aurten, gainera, data borobila izanda, aurreko urteetan baino oihartzun mediatiko handiagoa izango duen efemeride bihurtuko da, eta horrek ere eragingo du eguneko irrati-programazioetan. Besteak beste, berriro entzungo ditugu polizia-irratitik jasotako hitzak, eta berriz ere eztarriko korapiloa nabarmenduko dugu.
Soinu horiek eta aditu ez ditugun beste batzuk jaso dituzte urteurrenaren harira, EITBk ekoitzi duen hamar ataleko podcast batean: Gasteiz, martxoak 3. Oroimenaren Indarra (Vitoria, 3 de Marzo: Memoria contra el olvido). Radio Vitoriak egin du irrati-dokumental gisa, eta goizero atal bana eskaintzen du, ondoren GUAUn eskuragarri jartzen duena. Asteazkenean, estreinako atalean, LluĂs Llachek gertaeraren ondoren konposaturiko Campanades a morts abestiaren harira, kantautore kataluniarraren hitzak jasotzen ditu. Abesti hori eta Betagarri, Mossin Nagant eta Siliconayrenak entzungai daude Martxoaren 3 elkartearen webgunean, baita beste audio batzuk ere, haien artean hurrengo egunetako erreakzioak jasotzen zituen irrati-partean emandako albistea.Â
Audio horiek ez ezik, orain arte entzun ez diren testigantzak, elkarrizketak eta soinuak iragarri dituzte podcastaren egileek. Azpimarratu behar da dokumentala ez dela ohiko irrati-formatua, besteak beste, garestia delako, bitarteko asko exijitzen baititu, baita ekoizpen zaindua eta denbora ere, irrati-errutinetan soberan ez dagoena. Dudarik gabe, kalitate handiko produktua dugu aurrean, non, dokumentazio-lanaz gain, Raquel Navarroren lokuzioa ere nabarmendu behar den.
Aipatu nahi dut sarraskiaz hitz egin zutela Iratzar Fundazioak eta Naiz Irratiak ekoitzitako Haustura ala erreforma podcastean, non Trantsizioaren gune garrantzitsuen inguruko testigantzak eta gogoetak jasotzen dituen. Duela zenbait urte, Hala Bediko Edo ez da izango irratsaioan, emakumeek garai horretako borroka eta minak nola sostengatu zituzten izan zuten hizpide. Egon dira beste saio batzuk 50 urtean, baina oraindik ez dira heldu beharrezko aitortza eta erreparazioa.