Ez naiz bideojokoen zalea, ezta zonbien generoaren zalea ere, baina aitortu behar dut zonbien bideojoko famatu batean oinarritutako The Last of Us telesailaren lehen denboraldiak sentsazio gozoa utzi zidala ikusi nuenean. Uler iezadazue: gozoa diodanean, ez naiz ari ilunabar batek eta izozki batek transmititu dezaketen sentsazio gozoaz; baizik eta pantailatik adrenalina dosi egoki batek eta gidoi koherente eta berezi batek transmiti dezaketenaz. The Last of Us-ek kontatzen duen istorioa ez baita inola ere gozoa.
Tira, adjektibazioaren lan konplexua alde batera utzita, kontua da bigarrenarekin hasi berri naizela. Beldurra nion bidaia horretan sartzeari, ekoizpenaren aurkako kritika dexente ikusi baititut han eta hemen: batzuk interes handirik eragiten ez zidatenak —adibidez, protagonistaren rola egiten duen Bella Ramsey aktoreak bideojokoko neskatoaren bisaia perfektua ez izatearen inguruko matxistadak— eta beste batzuk, aldiz, arreta jartzeko modukoak —gidoi aldetik asko moteldu eta iparra galdu duela—. Telesailaren bigarren denboraldia erdibidean dudan honetan, ordea, ezin dut kritika horietako batzuei arrazoia eman besterik egin.
Doala ezeren aurretik, tamaina honetako ekoizpen batek gauza on batzuk izan behar dituela derrigor. Pedro Pascal eta Bella Ramseyk egiten duten lanak goi mailakoa izaten jarraitzen du, eta bigarren atalak, nire ustez, puntuazio oso handia merezi beharko luke; ez bakarrik amaieran gertatzen denagatik, baizik eta ordubete osoan dagoen teknika, akzio eta argazki lanaren erakustaldiagatik. Bertan gertatzen den inflexio puntu ikaragarri horrek, ordea, Game of Thrones-eko plot twist harrigarriek bezala funtzionatu beharko luke: trama desbideratu bai, baina geografiak okerrarazten duen ibaiak bezala, azkenean bere urek itsasoan bukatuko dutela ziurtatuz. The Last of Us-ek, ordea, ibaiaren meandro behartu horren ondorioak ongi baliatzen ez dituela iruditu zait —oraintsu arte ikusitakoa epaituz, behintzat—, eta ibaia lurperatzen amaitzeko arrisku handia dagoela. Pizgarri horrek, trama azkartu beharrean, oraindik gehiago moteltzen du, eta pertsonaiek gertakari horri ematen dioten erantzuna batzuetan ez da ondo ulertzen.
Itxaropena da galtzen den azken gauza; ea nola bukatzen den!