Sara Azurza
Ekografiak

Memoriaren geltokiak

2026ko ekainaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da ohikoa dokumental bat amaitu eta gizakiengan pixka bat gehiago sinesten hastea. Are gutxiago true crime baten ondoren. Horregatik geratu zait buruan Abandonados, Carles Porta kazetariak sortu eta Disney Plus plataforman ikus daitekeen lau ataleko dokumentala.

Istorio horrek misterio baten forma duen arren, bere benetako indarra ez dago aurkitzen den horretan, bidean agertzen diren pertsonengan baizik. Abandonados Ramon, Richi eta Elvira anai-arreben jatorriaren bila abiaturiko ikerketa da. 1984an, Bartzelonako Frantzia geltokian abandonatu zituzten hirurak, 2, 4 eta 6 urte zituztela. Berrogei urte geroago, argitu nahi dute haien guraso biologikoak nor izan ziren eta zerk eraman zituen egun batean hiru seme-alabak tren geltoki batean utzi eta inoiz ez itzultzera.

Identitatea ez da soilik jatorri kontua; gure bizitzan geratzea erabakitzen duten pertsonek ere moldatzen dute nor garen. Hiru anai-arreben kasuan, familia ez du odolak bakarrik definitzen; zaintzak eta maitasunak ere bai. Horregatik da hain berezia gainontzeko true crime-en artean.

Marisa ama adoptiboaren presentzia funtsezkoa da. Bere figurak erakusten du maitasunak ez duela zertan zaratatsua izan. Batzuetan, nahikoa da urrats bat atzean ematea, besteak bere bidea egin dezan. Marisak segurtasun sarea eskaintzen du, eta baita ikerketa abiatzeko lehen pausoak ere.

Bestalde, istorioak komunitatearen indarra agerian uzten du. Irratsaio batean kontatutako pasarte batek dozenaka pertsona mugiarazten ditu; gehienak emakumeak dira, eta beren denbora, jakintza eta memoria eskaintzen dituzte puzzlea osatzen laguntzeko. Zentzu horretan, Don’t F**k With Cats dokumentala ekarri dit gogora. Gaur egun sare sozialak gorrotoaren eta polarizazioaren tresna gisa aurkezten zaizkigunean sarritan, hunkigarria da ikustea elkartasunak ere gaitasun birala izan dezakeela.

Kontakizunak une indartsu ugari ditu, baina benetan hunkigarriena anai-arreben arteko lotura da. Bakoitzak modu desberdinean eraman du zauria, baina elkarri helduta iritsi dira helmugara. Eta hor dago istorio honen benetako muina: memoria berreskuratzea ez dela beti iragana aurkitzea, baizik eta zauria partekatzeko hizkuntza bat eraikitzea.

Abandonados ez da abandonuari edo ikerketa bati buruzko istorio bat soilik. Sendatzeari buruzkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE