«Larrua jotzeko prest». Hori da HBO Max plataforman ikusgai dagoen telesail berri honen erdigunean dagoen esanahia. Jason Bateman, David Harbour eta Linda Cardellini protagonista dituen DTF Saint Louis telesailak akronimo hori erabiltzen du, Down To Fuck esapidetik datorrena. Saint Louis hirian (AEB) kokatuta ligatzeko aplikazio baten eta hirukote baten istorioa gurutzatzen dituen komedia beltza da.
Clark Forestek (Jason Bateman), Floyd Smermitchek (David Harbour) eta Carol Love-Somermitchek (Linda Cardellini) elkar ezagutzen duten unetik, aplikazioak bultzatuta, harreman konplexu batean murgilduko dira; baina egun batean Floyd Smermitch hilda agertuko da. Une horretatik aurrera, telesailak Smermitchen hilketaren inguruko ikerketan jarriko du arreta, ezkutuko sekretuak eta egoera horretara iristeko arrazoiak pixkanaka azaleratuz.
Steve Conrad gidoilariak sortutako telesailak adin ertaineko krisia baliatzen du bere gizonezko pertsonaiak instintuek gidatutako inozo gisa erretratatzeko; eta Cardellini, berriz, hariak mugitzen dituen femme fatale probokatzaile gisa aurkezten du, baina ezer ez da dirudiena. Ironiaz eta tentsioz markatutako tramak ondorio ilunak eta auzo-bizitzaren desengainua erakutsiko ditu.
Gertakari horren ikerketa bi agente ezberdinek gauzatuko dute: bata Saint Louisekoa, eta bestea Twylakoa (hilketa gertatu den ondoko herrikoa). Pertsonaia horiek Joy Sunday eta Richard Jenkins aktoreek gorpuzten dituzte.
Formalki, behintzat, ez du antz handirik antzeko unibertsoetan —egoera kriminaletan nahastutako bikote burgesen ingurukoetan— arakatzen duten beste telesailekin; Big Little Lies (HBO Max) estilokoekin, esaterako. Agian gai berari heltzen dio, bai, baina bere lurralde estetiko propio eta estilizatua sortuz egiten du hori.
Haien arteko egoerek askotan deseroso sentiarazten dute ikus-entzulea, baina betiere umoreaz baliatzen da. Agian horrexegatik egiten da telesaila erakargarri, pertsonaien arteko harremanak gertutik ezagutzen diren heinean. Egia da, batzuetan, ikerketaren inguruko pistak planoegiak izan daitezkeela, baina hori ez da garrantzitsuena.
Zazpi atalez osatutako telesaila krimen deseroso eta ezohiko bat da, ikuslea etengabe tentsioan mantentzen duena eta generoaren ohiko mugak apurtuz harreman pertsonalen alde ilun eta konplexuetan sakontzen duena.