Badakit esango dudan hau politikoki desegokia izan daitekeela, baina betidanik liluratu izan nau mendekuak fikzioan. Zerbait du begia begiaren truk egite horrek, eta erreakzio kimiko gogobetegarri bat sortzen dit gorputzean. Are gehiago, mendekuarekin egindako mina hasieran jasotakoaren bikoitza bada. Esango nuke ez naizela bakarra, baina ez dut inoren ordez hitz egin nahi, badaezpada.
Zineman bada azpigenero bat 70etan arrakasta dezente izan zuena eta, hainbat hamarkadatan isilpean egon ostean, orain berriro kultur elkarrizketan sartu dena: rape revenge deiturikoa, bortxaketaren mendekua, alegia. Izenburuak jada asko dioenez, ez da beharrezkoa zertan datzan azaltzea. Hala ere, hasieran, azpigenero horretako filmek kontatzen zuten istorioak halako patroi bati jarraitzen zion: emakume bat bortxatua da filmaren hasieran, eta bera maite eta zaintzen duen gizon batek —dela aita, dela bikotekidea— gertatutakoaren mendekua hartzen du. Horietan lehenengoetakoa Jungfrukällan izeneko Ingmar Bergmanen filma izan zen, The Maiden’s Spring ingelesez —Amazon Primen ikusgai—. Liam Neeson protagonista duen Taken sagak ere antzeko patroiari jarraitzen dio, nahiz kasu honetan bere alaba bahitua den bortxatua ordez —bueno, irudika dezakegu zer egiten dioten bahituta dagoen bitartean—; eta istorioa alderantziz kontatzera ausartu zen Gaspar Noe Irreversible-n; gizon batek era basatian bortxatua eta eraila izan den bere neska lagunaren mendekua hartzen du —hori ere Amazon Primen ikusgai—.
Hala ere, mendekua hartzen duena bortxaketa jasan duen emakumea bera denean hartzen du zentzua rape revenge generoak. 1990eko hamarkadan eztanda egin zuen Thelma & Louise-k ekarri zuen berriro ere gaia elkarrizketara. Ordudanik gisa horretako lan interesgarri asko atera dira, eta batzuk gomendatu nahi nituzke:
Hard Candy (2005), Elliot Page —lehen Ellen— oso gazte bat egoera puruan.
Revenge (2017), The substance film entzutetsua egin zuenaren aurreko lana. Ez ikusi gorea gustuko ez baduzu!
I May Destroy You telesaila (2020, Max), bortxaketaren inplikazio emozionalak ulertzeko bikaina.
Promising Young Woman (2020, Amazon Prime), mendeku hotz eta kalkulatua.
Nina (2024, Filmin), Andrea Jaurrieta nafarrarena; mendekua, western bilakatua.