RTVE Play plataforman doan ikus daitekeen Rescate al límite dokumentalak Juanjo Garra mendizalearen erreskate saiakera kontatzen du: heriotzaren eta itxaropenaren arteko lerro mehean idatzitako istorioa. 2013an, Dhaulagiri gailurretik metro gutxira istripua izan zuen, eta gertakari hark inflexio-puntu bat ezarri zuen Himalaiako erreskateen historian.
8.000 metrotik gorako altueran geratu zen Garra, mugitu ezinik, Keshab Gurung xerpa lagun zuela. Urik, janaririk eta oxigenorik gabe, hiru gau igaro zituen baldintza meteorologiko gogorrenak jasanez, hainbat erreskate talde bertara iristen saiatzen ari ziren bitartean. 2013ko maiatzean abiatutako operazio hark ordura arte inoiz ikusi gabeko operatiboa mugiarazi zuen. Dokumentalak nazioarteko ahalegin kolektibo ikaragarriaren balioa nabarmentzen du, senitartekoek eta lankideek lan isil eta etengabea egin baitzuten.
Erreskate ahaleginean, Alex Txikon, Ferran Latorre, Jorge Egocheaga eta David Mingma Sherpa alpinistek erlojuaren aurkako igoera basatia egin zuten, mendiak ezartzen zituen muga guztiei desafio eginez. Hamahiru urte geroago, Txikonek Katmandun egingo du topo Garrak azken unera arte alboan izan zuen xerpa nepaldarrarekin, denborak ezin itzali duen lotura baten lekuko.
Dokumentalean, besteak beste, Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban, Carlos Soria eta Alex Txikon bera ageri dira, hitzekin eta isiluneekin bizi izandakoa berreraikiz. Mauricio Follini helikoptero-pilotuak ere bere lekua du kontakizunean: erreskate hartan, historian lehen aldiz, pertsona bat kable batetik zintzilik 7.400 metroko altuerara igotzea lortu zuen.
Ikus-entzunezkoak Garrak berak grabatutako irudiak baliatzen ditu, baita haren espedizioko kideenak eta erreskate taldeetakoenak ere, itxaropena elur artean piztuta mantenduz, azken unera arte erreskatea posible izango zela sinetsita.
Formari dagokionez, nabaria da telebistarako sortutako lana dela, eta ez du berrikuntza formal handirik eskaintzen. Baina badu beste zerbait: zehaztasuna, neurria eta errespetua. Baliabide guztiak trebeziaz erabiltzen ditu mendiarekiko maitasunaz, bizitzaz eta heriotzaz hitz egiten duen istorio gogor baina eder hau pantailaratzeko. Zauriak ixteari, memoriari begiratzeari eta bizitzen ikasteari buruzko gogoeta isila da.