Lide Hernando.
'Ekografiak'

Metazinea

2025eko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Seth Rogen eta Evan Goldberg binomioak hobekien egiten dakiena egin du berriro ere: formalki originala eta eduki aldetik zorrotza den umorea eskaini. Superbad eta Sausage Party komedia urratzaile eta ganberroen ostean, metazinea egitea erabaki dute oraingoan, Apple TV Plusen eskutik eta diru gehiagorekin; eta esango nuke emaitza, The Studio telesaila, urteko komediarik onenetakoa dela.

Gaizka Izagirrek, bere aurreko artikulu batean horri buruz hitz egitean, Hollywoodek ekoitzitako metazine lanak ekarri zituen gogora. Nik ere, hark bezala, oso gustuko ditut horrelako ekoizpenak; magoen trikimailu guztiak jakin nahi izaten dituzten horietakoa naizelako, akaso. Eta niri, behintzat, zinemaren atzean ezkutatzen diren tranpen berri jakiteak ez didalako magia zapuzten, kontrakoa baizik: hori guztia gizatalde batek egin duela pentsatzeak are gehiago liluratzen nau.

The Studio lanak Hollywoodeko zinema estudio handi baten egunerokoan topa daitezkeen gorabeheren irakurketa satirikoa egiten du, ekoiztetxeak nagusia aldatzen duenetik. Nagusi berri hori Seth Rogenek berak antzeztutako gizon bat da, Matt Remick; zazpigarren artearen miresle sutsua dena, eta blockbuster-ak egitera bideratutako industria zikoitza berbideratzen saiatuko dena.

Telesailaren onena, dudarik gabe, alde formalean dagoela esango nuke. Atal bakoitzak Continental izeneko estudioak aurre egin behar dion arazo ezberdin bat planteatzen du; dela iragarki famatu bateko produktuan inspiratutako film bat egiteko eskaera jaso dutela —Barbie fenomenoari bistako erreferentzia eginez—, dela plano sekuentzia baten errodaje konplexua, dela zuzendari batek analogikoan filmatu nahi izan duen film bateko bobina desagertu dela. Eta atal bakoitzak, gainera, kontatu nahi duen horren tonua hartzen du forman: plano sekuentzia grabatzen ari diren atala plano sekuentzian egina dago benetan, esaterako; eta galdutako bobinaren ikerketa kontatzen duen atalak film noir-aren itxura hartuko du.

Hala ere, The Studio gogoangarri bilakatzen dutenak cameo-ak dira. Martin Scorsese, Ron Howard eta Olivia Wilde euren buruarena egiten ikusteak eta, bide batez, zein ondo antzezten duten ikusteak ez du preziorik —horregatik aipatu dut hasieran diruarena!—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.