REM taldeak 1992. urtean kaleratu zuen Everybody Hurts (euskaraz Mundu guztiak zauritzen du) abestia —ziur nago une honetan ozenki hasi zarela errepika abesten—. Diotenez, garai zailak bizi dituztenei itxaropen edota kontsolamendu mezu bat helaraztea zuen helburu kantak. Movistar Plus plataforman lurreratu den Novocaine filmaren lehen sekuentziak kanta horren melodiekin blaitzen dira, protagonistaren iratzargailuan goizeko 6:30ak markatu eta lanera doan bitartean.
Paradoxikoa da abesti horrekin hastea; izan ere, min fisikoarekiko immune bihurtu duen nahaste genetiko arraro bat zuela jaio baitzen filmeko protagonista, Nathan Caine (Jack Quaid): gizon barnerakoi, berezi eta baketsua. Filma tonu serioarekin hasten den arren, apurka-apurka izaera ganberroagoa hartzen joango da, eta premisan agindutakoa zehatz-mehatz eskaintzen duen horietako bat izateraino itxuraldatuko da: ia bi orduz entretenitzeko gaitasun paregabea duen akziozko komedia, gozatzeko modukoa, zoro samarra eta nahiko odoltsua. Caineren bikotekidea (Amber Midthunder) banku baten lapurretan bahitu gisa hartzen dutenean, haren egunerokoa hankaz gora jarriko da, eta bere atsekabea superbotere bihurtuko da.
Jack Quaidek (The Boys telesailari esker oso ezagun egin den aktorea) eta Amber Midthunderrek lan aparta egiten dute; bi pertsonaien arteko harremanak 1990eko hamarkadan nagusi ziren akziozko komedia erromantikoen kutsua eransten dio filmari.
Akziozko sekuentziak ikusgarriak dira, eta modu eraginkorrean daude konposatuta, eta oso baliagarriak dira umore beltzeko elementuak txertatzeko. Argumentuak aurrera egin ahala, ordea, errepikakor samarra bihurtzen da istorioa, eta hasierako premisa bitxiak indarra galtzen du. Gainera, gidoiaren zenbait alderdik funsgabetasun nabarmenak dituzte.
Narratiba ezin sinpleagoa du oinarri —apur bat absurdoa eta sinesgaitza ere bai—, eta ez du generoa berrasmatzen, inondik inora. Baina asko eskertzen da algoritmoak, remake-ak eta beste hainbat obraren nahas-mahasa diruditen film traketsen artean asmo handirik gabeko proposamen fresko eta apur bat desberdinak estreinatzea.
Larunbat arratsalde euritsu baterako proposamen arin, zoro eta entretenigarria da.