Zenbat aldiz entzun dugu Tejero abizena? Aste honetan ikusi dudan telesail bat dakarkizut, duela gutxi Movistar Plus+ plataforman estreinatu dena: Anatomía de un instante. Ekoizpen horrek 1981ean estatu kolpea jotzen saiatu zirenean gertatutakoa kontatzen du, ikus-entzunezko thriller historiko baten formatuan.
1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakerak mugarri sakona ezarri zuen Espainiako historian. Gure guraso eta aitona-amona askok zuzenean bizi izan zuten egun hura, eta irudi beldurgarri haiek gure oroimen kolektiboan iltzatuta geratu dira, belaunaldi berriengan ere arrastoa utziz. Anatomía de un instante gertakari historiko horretan oinarritutako telesaila da, eta azaroaren 20an estreinatu zen Movistar Plus+ plataforman.
Telesaila Javier Cercasen izen bereko eleberrian oinarrituta dago, eta Alberto Rodriguezek zuzendu du. Guztira lau atal ditu, bakoitza 50 minutu ingurukoa, erritmo pausatuarekin eta gidoiari protagonismoa emanez egina. Kontakizunak gertakariaren ikur bilakatu ziren hiru gizonei jarraitzen die. Telesailaren arabera, tiro-hotsen aurrean makurtu edo betaurrekoen atzean ezkutatzen zen bitartean, hiru gizonek tinko eta eserita iraun zuten: Adolfo Suarez , Santiago Carrillo eta Manuel Gutierrez Mellado. Haien bidez, estatu kolpe saiakeraren inguruan zeuden tentsioak, hartu beharreko erabaki konplexuak eta testuinguru politiko-sozialak aztertzen ditu. Horrez gain, trantsizioa demokraziarantz bultzatu zuten gertakariak ere berriz irakurtzen dira, ikuspegi dramatiko baina dokumentatuan..
Hori guztia esanda, ezin dut ahaztu: historiak inoiz ez du bere burua objektiboki kontatzen. Denborak, botereek, interesek eta kontakizun ofizialek errealitatea modu batera edo bestera makillatu ohi dute. Fikzioa eta dokumentua uztartzean, gainera, badago igaro daitekeen lerro fin bat. Hala ere, interpretazio interesgarria iruditu zait, eta ongi dosifikatua dago. Horregatik, thriller historikoak gustuko badituzu, ikus dezazula gomendatzen dizut. Ez bakarrik kontaketagatik, baizik eta gogorarazten digulako ez dela aspaldi gertatutako zerbait: 44 urte besterik ez dira igaro. Denbora tarte laburra da garai historikoen logikan, eta, hortaz, oraindik bada zer ulertu, zer irakurri eta zer eztabaidatu gure oraina hobeto ulertzeko.