Sara Azurza
Ekografiak

Mugak

2026ko ekainaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira film batzuk amaitu eta berehala ahazten direnak. Eta badira beste batzuk, gustatu ala ez, buruan geratzen direnak. Pillion bigarren multzokoa da.

Harry Lightonen lehen film luzeak BDSM harreman baten bidez desira, boterea eta maitasuna aztertzen ditu. Kanpotik begiratuta, denak probokaziora eramaten du: larruz jantzitako motorzale baten irudia, sexu eszena esplizitu ugari eta Colin (Harry Melling) eta Rayren (Alexander Skarsgard) arteko itxurazko botere desoreka. Baina filmaren benetako interesa adostutako menpekotasun harreman baten mugak eta botere dinamiken konplexutasuna aztertzean dago.

Kritika batzuek diote menpeko-menperatzaile harreman baten erretratua dela; beste batzuek, ordea, tratu txar psikologiko baten aurrean gaudela eta filmak ez duela hori behar adinako sakontasunez lantzen. Egia esan, bi irakurketek dute zentzua.

Ni, behintzat, deseroso sentiarazi nau, baina deserosotasun horretan intimitate eta enpatia puntu bat ere aurkitu dut. Gehien interesatu zaidana Colin izan da. Bizitza osoa besteen nahiak asetzen eman duen pertsona bat da, eta Ray ezagutzen duenean, paradoxikoki, obeditzen hasita deskubritzen du lehen aldiz zeintzuk diren bere desioak. Hor dago filmaren indarra, eta baita haren anbiguotasuna ere.

Alexander Skarsgardek, berriz, ia hitzik egin gabe eraikitzen du Rayren misterio hotza. Hala ere, ikusle gisa hurbilen sentitu dudan pertsonaia Colinen ama izan da. Protagonista ez izan arren, zentzuaren eta begirada arrazionalaren ordezkaria da. Los domingos filmeko izebak betetzen duen funtzioaren antzeko zerbait egiten du hemen ere.

Bere osotasunean gustatu zaidan arren, batzuetan ez nuen argi ikusten Lightonek zer kontatu nahi zuen. Badirudi bide interesgarri asko irekitzen dituela —komunitatea, zaurgarritasuna, boterearen grisak—, baina ez duela haietan guztietan behar beste sakontzen.

Oro har, Pillion-ek harreman baten barruan askatasuna zer den galdetzen du, eta ikusle bakoitzari bere ondorioak ateratzeko aukera ematen dio. Proposamen originala da; pantailan gutxitan ikusten diren errealitate batzuk erakusten ditu, eta amaitu ondoren ere buruan bueltaka geratzen diren horietakoa da. Beraz, gomendagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA