Arantza Gutierrez.

Mugen gainetik

2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Urriaren 19an, posta elektronikoan jasotzen dudan Radiokulturaren buletinean, berri ona iragarri zuten: AIRK izeneko irratia abian jarri berri zuten, Antxeta Irratiarekin batera, Baionako DAB dial digitalean. Kulturan eta gaurkotasunean oinarritutako programazioarekin, Euskal Irratiak eta Mediabaskek emisio euskaldunekin eta Surf FM eta Plein Air 2 kate frantsesekin multiplexa partekatzen du hedabide berriak. Ez nator, ordea, dagoeneko Ipar Euskal Herrian izan den hedatze digitalari buruz hitz egitera, ezta Hego Euskal Herrian ematen ari den atzerapenaz ere. Gaur Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko hainbat herritara heltzen den Antxetari buruz mintzatzera nator —Gasteizera ere heltzen dela diote euren webgunean—.

Bidasoaren bi aldeetan jaio zen, eta hasieratik inposaturiko muga administratiboek ezarritako zatiketa gainditzen saiatu da, eskualde naturala osatzen duten herriek partekatzen duten errealitateari erantzunez. Diskurtsoetan kontrakoa adierazi arren, Euskal Herriko txoko batzuetan, Beran, Lesakan, Hendaian edo Urruñan gertatzen denari buruz informazio urria dugu. Kontsumitzen ditugun komunikabideetan, euskaldunetan ere bai, Espainiako Estatuko gaurkotasuna Euskal Herri osoan eragingo balu bezala aurkezten dute, eta Frantziakoa, aldiz, atzerriko sailean azaltzen dute. Eta erreferentzia kulturalei buruz, zer? Umorean ere, irrati askotan aipatzen diren pertsonaia gehienak espainiar politikari, artista edo ospetsuak dira... Eta musikan, berriz, salbuspenak dira frantziar joerak ere kontuan hartzen dituztenak entzule euskaldunentzako eskaintzan.

Hainbat alderditatik begiratuta eredugarria iruditzen zait Antxetaren jarduna. Hiru administraziok eragiten duten lurralde batean kokaturiko euskal komunitateak dituen informazio eta adierazpen beharrei erantzuteko asmoz, hortik begiratzen dio errealitateari, eta ez hain barneratua dugun EAEzentrismotik, zeinaren eraginez, inkontzienteki bada ere, politikari batek dioen hobe dela bertako pilotari batek irabaz dezan, eta ez nafar batek, azken horiek kanpotartzat hartuz.

Ez dut aurkitu AIRK-ren programazioa; ez dakit zeintzuk diren DABen dialean Euskal Irratien parrilan Antxetak eskainitako saioak. Momentuz ez dut hargailu digitalik, eta, gainera, ez dut uste Bizkaitik jaso ahalko dudanik. Beraz, berritu duen webgunean eskainitako emanaldiak eta podcastak aditzen jarraituko dut nik ere buruan hain sartuak ditudan mugak apurtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.