urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Nemesio Etxanizi buruzko telesail bat

2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

«Antoni! Antoni! / Zure atean nago niAi, Anton! Ai, Anton! / Ate ondoan or konpon.Ormatxoriak negu gorrian / ez du atsegin elurra: / zerua goibel, kabia otza / ta janari gabe lurra / Ai, maite, nere biotzak duan / zure otzaren bildurra! / Biontzat kabi bat berotzeko / bilduko nuke egurra». Apaiz bat zen Antoni eta Anton kantaren hitz horien egilea. Ez nolanahikoa, ordea: Nemesio Etxaniz. Doan doa lerro hauetatik proposamena: Etxanizen bizitzaren inguruko fikziozko telesail bat ETBrentzat eta Netflixentzat. Zortzi atalekoa.

Proposamenak ez duenez aurrera egingo, libre da irudimena aske uztea. Irudimenarekin zerikusi gutxi du datu honek, ordea: ETB1ek 2021eko irailaren 2an emititu zuen azkeneko aldiz helduentzako telesail bat euskaraz. Horrenbestez, bi urte eta zazpi hilabete pasatu dira Euskal Herriko ikus-entzuleek telebista konbentzionalean euskarazko telesail bat azken aldiz ikusi zutenetik; haurrentzako Go!azen eta Irabazi arte telesail duinak albo batera utzita, noski. Eta albo batera utzita Primeran plataforman Itxaso eta Touré detektibea estreinatu dituztela, bai. Baina telebista konbentzionalean, alerik ez bi urte eta zazpi hilabetean.

Irudimenari aske bidaiatzeko lizentzia orain, Nemesio Etxanizi buruzko telesailarekin. Askorako eman baitzuen Azkoitian (Gipuzkoa) 1899an jaiotako apaiz horren bizitzak. Eta fikzioan eman dezake nahi denerako. Demagun gazte garaiak kontatuko direla aurreneko atalean, XX. mendearen lehen hamarkadak. Etxaniz gaztea idazten hasi da, eta barne zalantzak ditu: neskak al ditu gogoko? Mutilak al ditu gogoko? Jainkoa al du gogoko? 1924an apaiztu egingo da gizona. Atala 36ko gerra piztean amaituko litzateke.

Bigarren atalean, Burgosera (Espainia) joan beharko du Etxanizek, gerraren eraginez. Funtzio sakratuak ematea debekatu diote. Eta handik gutxira, anaiaren etxera joango da, Debara (Gipuzkoa). 36ko gerraren osteko urteetan apaizaren sentimenduak zertan diren kontatuko da.

Baina Etxaniz ez da ezer egin gabe teilatuari begira gelditzen diren horietakoa. Eta hirugarren atalean kontatuko da nola hasten den kanpoko doinuak euskarara ekartzeko zereginean. 1951n Kanta-kantari bilduma nola ondu zuen jasoko du atalak. Kontatuko ditu 1953an Donostiara joan zenean ezagutu zituen beste euskal kulturgile batzuen ingurukoak ere. Haietatik zein zituen kutunen irudika dezake Etxanizen pentsamenduak.

Laugarren atalak antzerki mundura eramango du Etxaniz. 1950eko hamarkadaren amaiera da, eta Donostiako Jarrai antzerki taldekoekin jarriko da harremanetan. Irratirako egindako gidoien kontuak ere agertuko dira: Segura, Arrate eta Loiola irratientzako gidoiekin jokatuko du ikus-entzunezko pieza horrek.

Aize preskuari, gabon!

Bosgarren atalak euskal kantagintza berriari helduko dio. Ez Dok Amairu taldearen lehen bilkuretan nola parte hartu zuen jasoko du atalak. Eta hor agertuko dira Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta beste hainbat sortzaile, Etxanizekin solasaldi mamitsuetan.

Seigarren atalean, bestalde, 1960ko hamarkadako bertsogintza izango da hizpide. Basarriren eta Etxanizen arteko elkarrizketak izango dira tartean, eta Etxanizek Basarriri aipatuko dio bertsogintzak garai berrietara moldatu beharra duela. Euskarak merezi duela hainbeste; atalaren gidoiak idazteko, erabilgarri izan daiteke Alberto Irazuren Rocka puntua! liburu txit interesgarria (Pamiela, 2017). Amets moduan kontatuko da, bestalde, Etxanizek bertsolari gizonezko batekin duen pasiozko harremana eta haien arteko sexu joko lizuna.

1960ko hamarkadan, hainbat euskal presok jasandako torturak salatu zituen Etxanizek. Hor girotuko da zazpigarren atala. Diktadura frankistaren bidegabekerien aurka egindako lana kontatuko da azken-aurreko atalean. Era berean, frankismoaren aurka borrokan ari diren mugimenduak agertuko dira irudietan, baita Etxanizek haiekin duen harremana ere. Tartean, maitemindu egingo da ezkerreko mugimendu bateko emakume batekin.

NEMESIO ETXANIZ
Nemesio Etxaniz.

Zortzigarren eta azkeneko atalean, Etxaniz bere azkeneko urteetan ageri da. Bere bizitzan idatzitako makina bat olerki errepasatuko ditu. Maitatutako gizon eta emakumeak ekarriko ditu gogora. 1970eko hamarkada da. Francisco Franco diktadorea hilko da, 1975ean. Elkarrizketa luze bat egingo dio Zeruko Argia-ko kazetari batek, 1980an. Apaiza biluztu egingo da sentimentalki. Eta 1982an, heriotza helduko zaio.

Antoni eta Anton kanta entzungo da kredituetan. «Antonek: Antoni! Antoni! Kalabaza-zale ez naiz ni. Antonik: Ai, Anton! Ai, Anton! Aize preskuari, gabon!».

'Anttoni eta Antton' kanta, cha-cha-cha erritmoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.