Yo siempre a veces telesaila joan den apirilaren 23an estreinatu zuten Movistar Plus plataforman. Ni beti, batzuetan: gutxitan izaten dugu geure burua zaintzeko aukera edo denbora. Hori izan zen burura etorri zitzaidan lehen ideia: norbere burua eta besteak zaintzearen arteko talkari buruzko lana ikusiko nuela.
Donostiako Crossover jaialdian aurkeztu zuten Marta Bassolsek eta Marta Lozak sortutako lana —Canneseries jaialdian ere saritu dituzte bi gidoilariak—. Javier Calvok eta Javier Ambrossik ekoitzia, sei ataleko telesailak Lauraren istorioa kontatzen du: bikotekidearekin hautsi ondoren semea bakarrik hazten eta aurrera egiten saiatzen den emakumearena.
Ana Bogak gorpuzten duen pertsonaiak, Laurak, David Menendezek antzezten duena ezagutzen du, Ruben, technoz jantzitako gau ero batean. Hortik aurrera, harremana eraikitzen hasiko dira, Bartzelona ilun batean. Haur bat izango dute, Mario; baina handik hilabete gutxira banandu egingo dira. Hor hasten da benetako kontakizuna: amatasuna, prekaritatea eta belaunaldi oso baten bizimodua gurutzatzen diren tokia.
Komedia dramatiko honek erakusten du amatasuna ez dela beti perfektua edo idealizatua, baizik eta zailtasunak, kontraesanak eta errealitate gordina ere badituela. Beste era batera esanda, familiaren irudia desmitifikatzen du. Bassolsek azaldu izan duenez, beren inguruko esperientziei begiratuta ohartu ziren posible dela haurra maitatzea eta ama bikaina izatea, baina, aldi berean, norbera izaten jarraitu nahi izatea ere bai. Tentsio hori da telesailak jasotzen dituen ardatzetako bat.
Hiri handiek ere badute beren pisua, Bartzelona eta Berlin artean kokatzen baita kontakizuna. Hiri handi batean etengabe zapalduta bizitzearen sentsazioa eta prekaritatea nabarmenak dira. Bassolsek eta Lozak giro hori zehaztasunez eraiki dute: etxe batetik bestera, lan batetik bestera, turismoaren oinazea eta nekea —neke handia— pilatuz.
Azken batean, azkar pasatzen den karrusel emozional horietako bat da: barre egin dut, negar ere bai, eta haserretu ere bai. Laurarekin etengabe enpatizatuz, haren kontraesanetan, nekean eta zalantzetan belaunaldi oso baten zama antzemanez.