Sara Azurza
'Ekografiak'

Non dago Milo?

2026ko otsailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errua, errua eta errua. Hori da gaur gomendatu nahi dudan telesail paregabe honen muinean dagoen sentimendua. Zer egin nezakeen hori saihesteko? Zer esan edo zer isildu, dena ondo joan zedin? All Her Fault lanak, Amazon Prime Videon eta Movistar Plusen ikusgai dagoen thriller horrek, burua astinduko dizu.

Andrea Mara idazlearen eleberrian oinarrituta, misterio eta intrigazko istorioen zaleentzat pentsatutako lan horrek haur baten desagerpena eta gertakariak amarengan zein haren ingurune familiar eta sozialean duen eragina jartzen ditu erdigunean. Tramak 5 urteko semea, Milo Irvine, desagertzen zaion amaren egoeran kokatzen gaitu, amesgaizto bihurtzen den egoera batetik abiatuta.

Marissa Irvine 1800 Crescent Hollow Road helbidera iristen denean, semea lagun baten etxetik jasotzera, atea irekitzen dion emakumea ezezaguna zaio. Emakume horrek ez du Milo ezagutzen, eta ez du inoiz haren berririk izan. Horrela hasten da edozein amaren zulo beltzerako bidaia.

Nork eta zergatik eraman duen umea da, hasieran, trama polizialaren ardatza. Baina telesailaren benetako indarra amarengan dago: erruaren zama, epai soziala eta bere buruarekiko exijentzia etengabea. Aldi berean, emakumeen arteko konplizitate eta ahizpatasun sare bat naturalki eraikiz doa, eta istorioaren euskarri emozional bihurtzen da. Gizonak, berriz, gatazkaren eta tentsioaren eragile nagusi gisa ageri dira, eta irakurketa sozial interesgarria proposatzen du.

Megan Gallagher zuzendariaren eskutik, aurpegi ezagunek sendotu egiten dute kontakizuna. Protagonista nagusia, Marissa Irvine, Sarah Snook aktoreak antzezten du; askok Succession telesaileko Shiv Royren paperean ezagutuko dute. Benetan txalotzekoa da haren interpretazioa. Senarra, Peter Irvine, Jake Lacyk gorpuzten du: The White Lotus telesailean egindako lanagatik da ezaguna. Horiez gain, Dakota Fanning, Abby Elliott, Michael Peña eta Sophia Lillis ere ageri dira aktore-zerrendan.

Begirik kendu ezin zaion horietakoa da. Une batzuetan, batez ere amaiera aldera, gehiegizkoa iruditu dakiguke, baina, hala ere, ikuslea zur eta lur uzten duen lan horietakoa da. Zerbait argi duzula uste duzunean, dena erortzen da, eta trama berriro birsortzen da ustekabeko bideetatik. Suspensea eta ezinegona azken unera arte mantentzen ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA