Lide Hernando.
'Ekografiak'

Nor dago barruan, zu edo ni?

2024ko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurrekoan gurasoen etxera joan nintzen bazkaltzera, astero bezala, eta bakoitzak azken egunotako bizitzen errepasoa egin ostean, hara non amak bota zuen: «Ikusi al duzu La Revuelta? Egundokoa da!». Noski, elkarrekiko dugun konfiantzak bere aurpegira barre eginarazi zidan, niretzako ez baitira batere berriak David Broncanoren saioaren tonua eta kuadrilla horren gorabehera komikoak, baina gurasoekin izan nuen elkarrizketak asko pentsarazi zidan. Nik, plataformen munduan zeharo murgilduta eta telebista tradizionala ahaztua duen honek, La Resistencia saioaren azken denboraldiak ikusteari utzia nion dagoeneko, formularen errepikakortasunak aspertuta. Gurasoek, aldiz, ez zuten saio horren inguruko arrastorik ere, RTVEk erosi eta telebista tradizionalera pasatu duten arte.

Bitxia egin zitzaidan haien begietan duela sei bat urte ni harritu ninduen hori berriro ere bizitzea. Broncanoren elkarrizketatzaile traketsaren papera; musikarien iruzkin ganberroak; galdera pikanteak; ikus-entzuleen parte hartzea. Denak zirudien berria haientzat, eta hain, hain, zaharkitua niretzat.

Eta hortik pasatu nintzen Internetek eta telebistak hezitako pertsonok zein bananduta gauden pentsatzera. Baita Internetek burua xurgatu digunon eta bertatik nahiko at bizitzea lortu duten horien arteko distantzia ere. Musikaren munduan, adibidez, nire belaunaldikooi kosta egiten zaigu pentsatzea Instagram eta Twitterretik at dagoen jende asko dagoela, eta errazago dutela kontzertu baten berri kalean topatutako kartel bati esker, sare sozialetako tabloietan birtualki eskegitako bati esker baino. Bi munduen arteko amildegia gero eta handiagoa da, eta esango nuke guk, Interneti esker informazioaren eta aktualitatearen lehen lerroan gaudela uste dugunok, dugula gizatasunaren partida galtzeko puntu gehien.

Hausnarketaren ginga gisa, lagun batek kontatu zidan anekdota etorri zitzaidan burura. Gazteagoa zenean, futbol partida bat jokatzen ari omen ziren, eta inguruko ospitale psikiatriko bateko pazienteak joan omen zitzaizkien ikustera. Partida amaitutakoan, paziente horietako bat, psikiatrikora itzultzear zeudela, nire lagunari deiadar egin eta gerturatu egin zitzaion. Zera galdetu zion: «Nor dago barruan, zu edo ni?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.