Sara Azurza
Ekografiak

Nor dago benetan burutik jota?

2026ko uztailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Normaltasuna gehiegi goresten duen gizarte batean bizi gara. Denok berdinak izatea espero da: erritmo berean ibiltzea, modu berean sentitzea, gauza berdinak nahi eta ulertzea. Eta hortik ateratzen den orok etiketa bat jasotzen du. Horregatik gustatu zait hainbeste Den Sidste Viking (Azken bikingoa).

Bi anaia, lapurtutako diru bat, hiltzaile bat, Beatlesak eta gero eta zentzugabeagoak diren egoerak. Horrekin guztiarekin eraikitzen du Anders Thomas Jensenek istorioa. Eta, beste behin ere, erakusten du absurdoa ez dela ihesbide bat, tresna bat baizik. Umorearen bidez, askotan serioegi kontatzen diren gaietara iritsi daitekeela.

Filmak ikusgarritasuna ematen dio osasun mentalari, baina ez errukitik edo pedagogiatik. Ez ditu pertsonaiak biktima bihurtzen, ezta haien diagnostikoetara mugatzen ere. Manfred ez da «gaixo mentala»; desberdin sentitzen eta mundua beste modu batean interpretatzen duen pertsona bat da. Eta, bitxia bada ere, inguruko askok baino gizatasun handiagoz jokatzen du.

Asko gustatu zait filmak etengabe airean uzten duen galdera: nor dago benetan burutik jota? Errealitatetik ihes egiten duena ala eguneroko krudeltasuna normaltzat duen gizartea? Izan ere, askotan zentzudunak omen diren horiek dira besteak baztertzen dituztenak, epaitzen dituztenak edo haien nahiak isilarazten saiatzen direnak.

Hor dago filmaren indarra. Ez du desberdintasuna modu goxo edo idealizatu batean ospatzen; basakeriaz, kaosez eta umore beltzez egiten du. Barre eginarazten dizu, baina barre horrek deseroso uzten zaitu. Eta amaieran, ohartuko zara filmak ez duela lapurtutako diruaz edo Beatlesez hitz egiten, pertsona orok munduan bere lekua aurkitzeko duen eskubideaz baizik.

Denok eraikitzen dugu gure errealitatea aurrera egiteko. Batzuek musikaren bidez, beste batzuek umorearen bidez, eta beste batzuek irudimenaren bidez. Ez dugu zertan denok modu berean bizi.

Horregatik iruditzen zait Den Sidste Viking (Azken bikingoa) ez dela komedia beltz bat bakarrik. Desberdina izatea ez dela akats bat gogorarazten duen film horietakoa da. Eromen handiena ez da mundua beste era batera ikustea. Mundu guztiak berdin ikusi behar duela sinestea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA