Sara Azurza
'Ekografiak'

Norenak dira gure egunak?

2025eko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaixo, irakurle; Donostiako Zinemaldiaren ajean idazten dizut gaur, azken egunetan ikusi dudan film bat gomendatzeko gogoz: Paolo Sorrentinoren La Grazia. Utopia politiko baten inguruan eraikitako filma da, filosofiaz betea, eta galdera nagusi baten inguruan ardazten dena: Norenak dira gure egunak?

Protagonista Italiako lehendakari fiktizioa da, Mariano De Santis. Haren inguruan garatzen den istorio judizialak hiru erabaki nagusi ditu ardatz. Alaba Dorotearen begirada zorrotzaren azpian, De Santisek bi hilketa kasuren barkamena erabaki behar du, Zuzenbide Penalaren mugak gainditzen dituzten eta etika hutseko auzi bilakatzen diren bi profil kriminalen aurrean. Aldi berean, eutanasia baimentzeko lege bat bultzatzeko asmoa du, baina horrek ere zalantza sakonak pizten dizkio, katoliko gisa.

Filmak etengabe aztertzen du hari solte horien konplexutasuna, baina bestelako trama bat ere agertzen da bertan: De Santisen emazte zenduari dagokiona. Aurorari zuzendutako hitzak eta duela berrogei urte izandako maitale baten itzala. Istorio politiko eta juridikoaz harago, filmak pertsonen arteko sentsibilitatea eta harremanak ere erakusten dizkigu.

Norenak dira gure egunak? botatzen dio Doroteak zuzenbidean erreferente den aitari. Aita-alaba arteko harremana ardatz bihurtzen da, eta azken erabakiak hartzeko unean, giltzarri. De Santisek filmaren amaieran esaten duen bezala: «Jaiotakoan, seme-alabek guri jarraitzen digute; orain, ordea, guk jarraitu behar diegu haiei». Asko pentsarazi dit esaldi honek, bai bizitzaren zikloaz, bai belaunaldien arteko lekukotzaz.

Eta hortxe dago La Grazia-ren indarra: politikaren eta justiziaren zirrikituetatik abiatuta, bizitzaren zentzuari buruzko galdera intimo eta unibertsal batera eramaten gaitu. Bere erritmo geldo eta hausnartzaileak denbora eskatzen dio ikusleari, baina esperientzia estetiko eta intelektual aberatsa eskaintzen du. Sorrentinok, ohikoa duen moduan, handitasuna eta intimitatea uztartzen ditu, eta horrexegatik uste dut La Grazia denbora luzez gure oroimenean iraungo duen film horietako bat izango dela. Ez galdu Sorrentinoren filmografia osatzen duen beste pieza poetiko hau, hausnarketarako eta gozamen estetikorako gonbita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.