gaizka izagirre
'Ekografiak'

Oihanaren mugagabetasuna

2025eko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzaren 1ean bi urte beteko dira Cessna 206 hegazkinak, Kolonbiako hegoaldeko Amazoniaren gainetik hegan ari zela, istripua izan zuenetik; zazpi bidaiari garraiatzen ari zen. Hegazkina topatu zutenean, astebete geroago, hiru helduak hilda aurkitu zituzten, horien artean ama, baina lau haurren berririk ez zegoen. Hamaika hilabeteko Cristin Neriman Ranoque Mucutuy, 4 urteko Tien Noriel Ranoque Mucutuy, 9 urteko Soleiny Mucutuy eta 13 urteko Lesly Mucutuy ziren desagertuta zeuden haurrak —uitoto etniakoak—. 40 eguneko bilaketaren ostean, laurak bizirik topatu zituzten.

Los niños perdidos dokumentalak haur horien erreskate harrigarria azaltzen du; bilaketa lan horietan militarrak eta indigenak elkarlanean aritu ziten, eta gai hori ere narrazioaren erdigunean jarri dute sortzaileek.

Boluntario indigenek eta militarrek bilaketa lanetan izan zuten hasierako mesfidantza azaleratzen du lanak. Biziraupen istorio bat kontatzeaz gain, giza erresilientziari buruzko hausnarketa sakona egin eta antzinako ezagutzaren garrantzia ere aldarrikatzen du, baita krisi-garaietan kultura desberdinen artean lankidetzan aritzearen beharra ere.

Orlando von Einsiedelen zuzendaritza lana oso murgiltzailea da eta bete-betean barneratuko du ikuslea Amazoniako oihanaren mugagabetasunean. Eta, jakina, arriskuetan: bilaketaren benetako irudiak ageri dira eta kronologikoki azaltzen da guztia. Galduta egon ziren 40 egunetan haurrek egin zuten bidea erakusten du, baita egunero iritzi publikoari haurren kokalekuari buruzko nobedadeak aurkezten zizkieten erreskate-taldekoek egindako lana ere. Tartean elkarrizketak, naturako irudiak eta zenbait artxibo irudi ere azaltzen dira.

Dokumentalak erabaki narratibo eztabaidagarri batzuk ere baditu: ekintza batzuen birsortzeak egin dituzte eta zentzu honetan nahasgarria izan daiteke une batzuetan, irudi errealak birsorkuntzekin nahasten direlako, eta ia ezinezkoa da errealitatearen eta dramatizazioaren artean bereiztea. Dokumentala aberasteko eta testuingurua elikatzeko garrantzitsuak diren arren, balio zein benetakotasun apur bat kentzen diote lanari.

Sinesgarritasuna murrizten dion azken ahulgune hori salbu —eta Wilson txakurrarekin zer gertatu zen jakin gabe geratzen garela—, biziraupen istorio harrigarria eta hunkigarria osatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!