Iaz, kasualitateak ahalbidetu zidan Japoniarekin lotutako hiru telesail ia jarraian ikustea: Shogun, Tokyo Vice eta Blue Eyed Samurai. Aurten, halaber, elementu berezi bat partekatzen duten bi telesail ikusi ditut jarraian: The Last of Us eta Common Side Effects. Zein den bi telesail horiek batzen dituen elementua? Onddoak. Arraroa, ezta? Hala ere, horretatik abiatuta oso gai interesgarriak jorratu daitezkeela frogatu dute bi ekoizpenek.
The Last of Us-i buruz aurrekoan hitz egin nuenez, Common Side Effects telesailean geldituko naiz gaur. Max-en topa daitekeen animaziozko telesail bat da, eta onddoak —edo, zehazki esanda, onddo mota bat— protagonista duen arren, gai nagusia hortik abiatutako beste bat da: industria farmazeutikoaren azpijokoak. Izan ere, istorio honetan, Marshall izeneko mikologo batek topatutako onddo magiko baten ondorioz abiatutako konspirazio bat kontatzen da, zeinetan, noski, industria farmazeutikoak bere esku dagoen guztia egingo duen onddo hori eskuratu eta Marshall paretik kentzeko —«paretik kentzeak» dituen esanahi guztiak barne biltzen dira hemen—. Tartean, drogaren poliziak edo DEAk ere rol garrantzitsua jokatuko du, ustez ilegala den onddo horren xerka. Izan ere, baldintza klimatiko eta prozesu zehatz batzuei jarraituz soilik hazten den onddo mota horrek edozein gaixotasun sendatzeko ahalmena omen du. Bere abenturan, Marshallek Frances izeneko neska bat izango du lagun, institutuko ikaskidea zena eta enpresa farmazeutiko batean lan egiten duena.
Animazio aldetik oso berezia da Common Side Effects telesaila. Ez da ikustera ohituta gauden estilo batekoa; zeozer gogorarazten badit, Beavis and Butt-head lanaren estiloa gogorarazten dit, baina, hala ere, ez da horiek bezalakoa; parerik gabekoa dela esango nuke. Gidoi aldetik, gainera, oso modu inteligentean nahasten dituzte komedia eta tentsiozko momentu serioagoak. Hori guztia, gaiaren garrantziari erreparatu gabe: horrek ere bere mamia du eta. Gogoan dut industria farmazeutikoaren aurpegi ilunaren karietara ikusi nuen lehenengo fikziozko lana The Constant Gardener izan zela; mundu berri bat ireki zidan film horrek. Hau ere ez da atzean gelditzen; animazioa bada ere, edo agian horregatik, biziki gomendatzen dut.